Beharrak handituta, 69.000 euroan handituko du Mendaroko Udalak Etxez Etxeko Laguntzarako diru partida

Barren 2024ko urr. 25a, 10:40

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eskaerak gora egin du Mendaron. 2021ean, hamar lagun artatu zituzten; 2022an, hamabost; iaz, 23, eta gaur egun, 25 lagun dira, Udalaren arabera. Ondorioz, 2025erako aurrekontua 69.000 euroan handituko dute.

200.000 euroko aurrekontua izan du aurten Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak Mendaron eta 2025erako 269.000 eurokoa izatea aurreikusi dute. Era berean, zerbitzuaren ordu-kopurua ere handituko dutela zehaztu dute Udaletik. 2024rako  8.300 ordu aurreikusi zituzten eta 2025erako, 11.100 ordu. Zerbitzuaren erabiltzaileen %68 emakumeak dira eta %32 gizonak. Adinari erreparatuta, 80 urtez gorakoak dira erabiltzaileen %72, eta gainerakoek 59 eta 79 urte bitartean dituzte. Artatutako pertsonen % 83,36 mendekotasuna edo desgaitasunen bat duten pertsonak dira, eta % 13,64 autonomoak.