Gernika-Palestina herri ekimenak elkarretaratzeak deitu ditu urriaren 21erako

Barren 2024ko urr. 18a, 12:05

Urriaren 21ean mobilizatzera deitu du Gernika-Palestina herri ekimenak, genozidioaren kontra egiteko.

Bakea, justizia eta itxaropena eskatzen dute herri guztientzat eta astelehenean Euskal Herriko udaletxe aurreetan elkartzeko deia egin dute 19:00etarako. Mendaron bat egin dute deialdiarekin eta zabaldu dituzte kartelak.
 Urtebete pasatxo da Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuela, eta "berehalako su etena" eskatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak izango dira astelehenean Euskal Herriko plazetan. Duela bi aste egin zuen Gernika-Palestina plataformak protestarako deia Donostian, "armak isil daitezen eta Israelek egindako okupazio koloniala buka dadin". Halaber, agerraldi hartan bildu zirenek Mendebaldeko estatuei Israelgo estatuarekin arma eta baliabide militarren salerosketa etetea galdegin zieten. "Funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu Palestinan inongo estatu edota potentziaren esku-hartzerik eza, eta bere autodeterminazio eskubidearen errespetua. Palestinako biztanleek baliabide materialak eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditzeko eta duintasunez bizi ahal izateko", adierazi zuten.
 Plataformaren arabera, "elkarrizketaren eta negoziazioaren" bidea hartuta soilik konponduko da Palestinak egun bizi duen egoera; "bake justua, egonkorra eta iraunkorra" dituzte helburu nagusitzat. Horretarako, nazioarteko komunitatearen parte hartzea "funtsezko gakoa" izango dela dio Gernika-Palestina plataformak. Izan ere, uste du hori dela aldeak negoziatzera bultzatzeko eta nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zorrotz betetzeko "modu bakarra".

Irakurri adierazpena osorik hemen: gernikapalestina.eus