13:00ak aldera batu ziren In Leikek antolatutako kantu bazkarirako izena eman zutenak plazan, eta tabernaz tabernako ibilaldi labur baten ondoren, Mendarozabalera joan ziren denak elkarrekin, Aitzbeltz tabernan baitzuten bazkaria egitekoa. EinGokoak ere batu ziren bazkaritara, eta bapo bazkaldu ondoren, kantuari ekin zioten 40 bat lagunek. Elkarrekin nahiz taldeka aritu ziren kantuan, Eingokoek inprobisatutako kantu-jokoetan ere aritu ziren taldeka, eta parte-hartzaileen esanetan, umore dosi handiko bazkalostea izan zuten. Aitzbeltz tabernako terrazan bazkaldu zuten, kanpoan, eta urrutitik entzun zitezkeen hango kantu eta algarak. Hala, inguratu zen arratsalderako beste jende bat ere mahai bueltara.
Arratsaldeko 18:00etarako iragarria zuten erromeria, eta bete zuten ordua. Mendarozabalen bertan hiru bat dantza dantzatu, eta Herriko Enparantzarantz abiatu ziren, bidean, Txirristaka parean, dantzarako geldialdia eginda. Plazan, jendetza handia inguratu zen korrora, eta jai egun handietako giroa hartu zuen Mendarok. EinGokoen agindutara jardun ziren dantzariak dantzan, In Leikek propio ekimen honetarako sortutako zapiak lepora lotuta. Erromeria, Azpilgoetan amaitu zuten. Euskal kantutegiko abesti mitikoak abestu zituzten han elkarrekin, lepotik helduta eta eskuko telefonoen argitara, eta zapatukoak jarraipena izango zuela esanda amaitu zuten aurtengo Plazan dantzan ekimena.
Bideoan:
Argazki-bilduma: