Euskal Herritik bertatik eta Kantabriatik (Espainia) etorritako hainbat margolarik parte hartu zuten zapatuan Mendaroko Udalak antolatu zuen aire libre margo lehiaketan. Aitor Etxeberria eta Aitor Sarasketa eskultoreek egin zituzten epaimahaikide lanak, eta Jose Miguel Arranzen lanari eman zioten lehenengo saria (700 euroko saria). Iker Mugarrak egin zuen bigarren, eta 500 euro jaso zituen saritan. Fernando de Vicenteren lanak jaso zuen hirugarren accesita eta Rikardo Azkaratek laugarrena, eta 300na euro jaso zituzten saritan. 14 urtez azpikoetan, hamar gaztetxok parte hartu zuten eta bi sail bereiztu zituzten. A mailan, Izar Alberdiren lanak irabazi zuen, eta B mailan, Aintza Mendikute mendaroarrarenak.
Nagusien kategorian bigarren saria eskuratu zuen Iker Mugarraren koadroa zozkatu egin zuen Udalak eta Gorane Salaberriari egokitu zitzaion. Lehiaketako lan guztiak erakusgai jarriko dituzte orain, jubilatuen ondoko lokalean. Erakusketa igandera arte egongo da ikusgai, ondorengo ordutegian: goizez, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara