Osatu duzun luzeena izan arren, Transiberica ez da egin duzun distantzia luzeko estreinako proba. Noiz hasi zinen halakoetan eta zerk bultzatuta?
Duela hogei bat urte hasi nintzen zikloturista martxetan parte hartzen. Quebrantahuesos proba zortzi bat aldiz eginda daukat, Marmotte klasikoa ere osatuta daukat... Baina distantzia luzeagoko probetan, brevetetan, bizikleta irteera batean ezagutu nuen lagun bizkaitar baten eskutik sartu nintzen. 200, 400 edo 600 kilometroko probak izaten dira brevet ohikoenak, baina badaude luzeagoak ere. Esaterako, iaz egin nuen Paris-Brest-Paris breveta 1.200 kilometrokoa da, eta Londres-Edinburgo-Londres, berriz, 1.500 kilometrokoa. Estreinakoz 2013an egin nuen azken hori, eta 2017an itzuli nintzen, 2013an bukatzerik izan ez zuen lagun bati laguntzera. Ez zuen amaitu. 2022an itzultzea hitzartu genuen orduan, baina osasun kontuengatik ezin izan zuen parte hartu eta Donostiako lagun batekin joan nintzen. Datorren urtean joatekoak gara berriro, arantza kentzera. Hala hasi nintzen distantzia luzeko probetan. Estreinako Transiberica proba, berriz, 2018an antolatu zuten, eta beti tentatu izan nau egiteak; Bilbon hasi eta bukatu zen edizio hura, iberiar penintsula gurutzatuta [4.000 Km-/+]. Antolatzaile berak, Carlos Mazon bilbotarrak, Transpyrenees antolatu zuen gero 2019an. Transpirenaica osatzen saiatutakoa nintzen ni 2010ean, laguntza kotxea hartuta, baina zortzi etapa beharrean bost egin nituen aukera zegoelako, eta baneukan arantza hori osora apuntatu ez izanarena [Pirinioak gurutzatzen ditu, Llanca herria (Girona) eta Donostia lotuta]. Halaxe eman nuen izena Transpyreneeserako. Port de la Selvan (Girona) irten eta Donostian amaitu genuen. Geroztik beste hiru aldiz egin dut, azkenekoz aurten, eta behin hori eginda, beste zerbait nahi, badakizu!
Eta animatu zinen azaroan iberiar penintsula gurutzatzen duen proba handirako izena ematera.
2021ean ere eman nuen izena, baina sasoia iritsi zenean ez nengoen nire onenean eta ez nintzen joan. Iaz, Malagan hasi eta Bilbon amaitu zen Transiberica, eta abuztu betean, 45 gradutan ibili ziren egun askotan txirrindulariak. Ni ez nengoen horretarako prest, baina aurtengorako ibilbidea aldatu eta kontrol-gune erakargarriak jarri zituztela jakin nuenenean (Stelvio Italian, Furkapass Suitzan, Mont Ventoux eta Carcassone Frantzian...) animatu nintzen izena ematera.
Zer ezaugarri ditu Transibericak?
Ezaugarri nagusia da guk geuk diseinatu behar dugula ibilbidea, beti ere markatutako derrigorrezko igarobide-kontroletatik pasata, eta hamalau egun t'erdi ditugula guztira bidea osatzeko. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 2.800 bat kilometro daude Bolzanotik (Italia) Bilbora eta 36.000 metroko desnibela, eta bidean, hamar chechpoint jarri dizkigute aurten. Ibilbidea norberak diseinatzen duen arren, badaude arau batzuk bete beharrekoak. Irteten garenean jartzen da denbora martxan eta ez da gelditzen iritsi arte. Hau da, atseden hartzeko, jateko edo lo egiteko geldirik zauden bitartean, denbora ez da gelditzen, eta beraz, ibilbidea ondo markatzea, estrategia bat jarraitzea eta norberaren ahalak ondo ezagutzea ezinbestekoa da. Saririk ez da izaten halako probetan, nahiz eta badiren, jakina, lehiatzera irtetzen direnak. Bilbora osorik iristea beste helbururik ez nion jarri nik nire buruari, eta hori beteta, pozik nago. Bestela, badaude zaindu beharreko beste kontu batzuk: ezin zara beste inoren gurpilean joan; debekatuta dago edozein zerbitzu erreserbatzea irteera baino lehen, ostatuak barne; eta ez dago senide eta lagunen laguntza jasotzerik. Etxekoak irteerara eta helmugara baino ezin dira agertu berez, eta salbuespen moduan, kontrol puntuetara, baina aurrez zehaztuta zenbat azalduko diren. Arazo mekanikoren bat izanez gero, berriz, norbera saiatu behar da konpontzen.
Nola prestatzen da bat halako proba baterako?
Biziketan asko ibiltzekoa naiz eta ez dut prestakuntza berezirik egin, baina kilometroak pilatu ditut, bai, azkeneko bi urteetan. Iaz, Paris-Brest-Paris egin nuen eta hara joateko serie bat egitea eskatzen dute, eurek homologatutako 200, 300, 400 eta 600 kilometroko brevetak egitea alegia. Lehiarekin zerikusirik ez duten martxak dira brevetak, taldean egin daitezkeenak, distantzia luzeko probak ez bezala. Transibericara joateko, beraz, oinarri hori banuen, baina gero, egun jakin batzuetan, 300 kilometroko irteerak-eta egin ditut. Aurten 12.000 bat kilometro eginda joan nintzen Bolzanora, eta geroztik beste 3.000 bat egin ditut. Asko irudituko zaizu, beharbada, baina Bolzanon 28.000 kilometro eginda zituen kataluniar batekin ere egin nuen topo irteeran.
Bistan da hanka onak behar direla halakotarako, baina nola prestatzen da burua?
Ez dakit. Momentu onak eta txarrak izango zirela jakinda joan nintzen, baina zortez ez dut miseriarik pasatu. Egon dira egunak oso sentsazio txarrekin hasi ditudanak eta burura datorkit orain Manresatik igaro nintzenekoa. 05:00ak aldera pasatu nintzen, jendea jaietatik etxera erretiratzen ari zela, eta ni, han, ezinean. Jatekorik ez neukan, eta 06:00ak aldera litxarreri pakete bat irentsita egin nuen aurrera, automata bezala. Gainerakoan ez du aparteko hotzik egin, eta hori gauza handia da halakoetan. Zortea izan dut, ez dudalako zulatu bakar bat ere izan eta gorputzak ondo erantzun didalako. Jakineko gauzak ekarri ditut etxera: nekea, ipurdiko mina, lo falta eta molestia txikiren bat belaunean, baina gauza aipagarririk ez.
Zer perfiletako jendea topatu duzu?
Gehienez ehun lagunentzako lekua zegoen, eta parte-hartzaileen erdia baino gehiago Espainiako estatutik kanpokoak izan dira. Gazteenak 22 bat urte izango zituen eta zaharrenak 60 bat.
"Ibilbidea nik neuk diseinatzeak egiten zidan ilusio handiena, baina aldi berean, horixe da gogorrena ere, gauza asko hartu behar direlako kontuan"
Hamalau egunetan egiteko proba da. Ez du horrek lotarako tarte handirik uzten. Nola antolatu zara?
Hirugarren egunetik aurrera edozein bazterretan hartuko nuen lo seguruena, baina ez naiz lotarako onena, eta egun bat ez beste guztietarako ostatua hartu nuen. Zer zen probatzearren kanpoan lo egin nuen gau bakarrean eltxoek jan ninduten eta ez nuen batere deskantsatu. Gau batzuk pasatu ditut bizikleta gainean ere. Lehenengo egunean, esaterako 08:00etan abiatu ginen, eta gau hori bizikleta gainean eman nuen. 550 bat kilometro egin nituen.
Egia esan badago eztabaida horren inguruan, lehenengoek ordu gehiegi egiten dituztelako bizikletatik jaitsi gabe eta hori arriskutsua gerta daitekeelako, batetik, lo faltak despisteak eragin ditzakeelako, eta bestetik, gauez animalia basati asko ibiltzen direlako eta arriskutsua gerta daitekeelako. Ezagutzen dut 2021ekoan gauez basurde bat jo eta oraindik arrastoak dituena, iaz Transiberica irabazi zuen Ana Orenz txirrindulari alemaniarra. Gehiegikeriak saihesteko, duela pare bat urtetik derrigorra da 72. ordutik aurrera, eguneko lau orduko geldialdia egitea.
Eta nola zaintzen dute hori?
GPSaren bidez kontrolatzen dituzte egiten ditugun geldialdiak, baina horrek ez duena ziurtatzen da tarte horretan lo egin dugula. Baina ezer baino gehiago bada behintzat.
Zer egin zaizu gogorrena?
Joan aurreko prestakuntza-lanak. Horretxek egiten zidan ilusio handiena ere, neuk diseinatzeak ibilbidea, baina egia da sekulako lana dela. Gauza asko hartu behar dira kontuan: non gelditu; nora iritsi gaua egiterako... Aurten, Stelviorainoko 150 kilometroak zehaztuta genituen, baina hortik aurrerakoan bakoitzak nahi zuen bidea egin zezakeen, beti ere kontrol guneetatik pasatuta. Stelviotik hurrengo kontrol gunera, Furkapassekora, 250 bat kilometro egongo dira, eta nik adibidez, bide motzena baztertu eta beste bat hartu nuen, eguraldi makurra iragarri zutelako eta ez nuelako nahi gaua 1.000 metrotik gora pasatu. Stelvioko gainetik zuzenean Suitzara jaitsi ordez, Italia aldera luzatu nuen ordekatik, Suitzara Luganotik sartzeko. 60 kilometro gehiago egin nituen, baina gaua udako arropekin pasatu nuen, 20-21 gradutan.
Aurrekoak nondik igarotzen ziren jarraitzeko aukera ere bageneukan, eta beste egun batzuetan aldatu ere egin nuen plana, aurreko denek beste bide bat hartzen zutela ikusita. Lehenengo iritsi zirenek 2.700 bat kilometro egin zituzten guztira eta nik 150 bat gehiago egin nituen, batzuetan hotzaren beldur eta beste batzuetan desnibel handiak saihesteko, bide luzeagoa egitea hobetsi nuelako. Guztira, 35.000 metroko desnibela egin nuela markatu zidan aplikazioak.
Teknologia aipatu duzu. Zer dira gailuak halakotarako?
Teknologia laguntza handia da eta horregatik zabaldu dira horrenbeste halako probak azkeneko zortzi bat urtean. Telefonoa bateriarik gabe gelditzen ari zela ikusten nuenean sekulako paranoiak sortzen zitzaizkidan. Ezagutu dut, hala ere, sopeloztar bat, Pello Bilbao txirrindulari profesionalaren koinatua bera, GPSrik gabe joan dena, ibilbideko kruze guztiak paperean markatuta. Eskulekua garbi nahi zuen hark.
Zer eraman zenuen bizikletan zurekin?
Hori ere ikasi egiten da. Jende gehienak soinean daraman arroparekin egiten ditu hamar-hamalau egunak, baina nik aldatzekoa eraman nuen. Lo egiteko gelditzen nintzenean nola-hala garbitzen nuen erabilitakoa ostatuan, eta kulot bustia bizkarrera lotuta irteten nintzen biharamunean, lehortu zedin. Kaleko praka batzuk eta barruko beste arropa bat ere hartu nituen, egun osoz bizikletako arropekin ibiltzea gehiegia zaidalako. Erabaki egin behar da hemen: seguruago eta erosoago joan pisu gehiagorekin, edo erosotasuna sakrifikatu, arrisku batzuk hartu eta arinago joan. Hamar egunerako eguraldi iragarpenek ere ez dute beti asmatzen, baina tendentzia bat erakusten dute eta horri egin nion kasu. Aurten, Transpyreneesen, esaterako, ikusten zen Irati aldera sartutakoan txarra egin behar zuela, eta arropa gehiago eraman nuen hara bost egunerako Transibericara hamar egunerako baino. Edozer pasa daiteke, hala ere. Iaz, Transiberican, 45 bat gradutan ibili ziren Madrilera arte, eta handik Galiziako mugara bidean 5 gradura arteko maximak eta euria izan zituzten. Hori oso gogorra da, behin bost bat egun egindakoan gorputza debilduta egoten delako eta ez duelako berdin erantzuten.
Ibilbideari erreparatuta, zer egin zaizu gogorren?
Esango nuke Aragoiko lautada amaigabeetan gehiago sufritu dudala beste edozein mendatetan baino. Zaragozan, Ejeos de los Caballeroseko lautada horiek, tortura psikologiko bat dira.
"Egunean zehar gorabehera asko izaten dira, baina merezi du. Asko gozatu dut, adibidez, Suitzako parajeetan".
Gozamenerako tarterik izaten da halakoetan?
Jakina, bestela ez genuke izenik emango. Egunean zehar gorabehera asko izaten dira baina merezi du. Asko gozatu dut, adibidez, Suitzako parajeetan. Furkapasseko kontrolera iritsi aurretik 2.109 bat metrora dagoen San Gotardoko pasabidetik igaro ginen eta ikusgarria egin zitzaidan. Suitzan kilometro batzuk egindakoa nintzen aurrez, baina baneukan gehiago ezagutzeko gogoa, eta egia esan, hango auto gidariengatik ez balitz, esango nuke zoragarria dela. Baina gidariak ez zaizkit iruditu errespetu handikoak. Frantziarrek ez dute batere fama onik, baina suitzarrek onak egiten dituzte. Gidari onenak Katalunian topatu ditut. Sufritu nuen Chamonixen ere. UTMBko probak jokatzen ari ziren eta sekulako trafikoa zegoen. Maite [Maiora] ere han ibiliko zela banekien eta idatzi ere egin nien Kilimon Trail antolatzen duten lagunei, adarra joz, euren antzekoen erruz bizikletan ibiltzerik ez genuela esanez.
Ez al duzu izan tentaziorik bizikleta laga eta parajeez beste modu batean gozatzeko?
Baneukan asmoa leku batzuetan lasaiago hartzeko, baina gero sartzen zara hango martxan, ikusten duzu zure inguruan dabiltzanak aurrera doazela eta ahazten dituzu asmo denak. Nolanahi ere, gauza bat esango dizut: bizikletari esker bazter asko ezagutu ditut nik han-hemen. Bizikletan pasa, gustatu lekua eta itzuli naiz gero etxekoekin leku horietara.
Zer da zuretzat bizikleta?
Deskonexiorako erreminta. Lanik egingo ez banu, ez nintzen beharbada horrenbeste ibiliko.
Zer sentitu zenuen Bilbora iritsi zinenean?
Aparteko ezer ez. Astelehena zen, 21:00ak aldera, eta etxeko ohea harrapatzeko gogoa baino ez neukan nik, baina arrebak taberna batera eraman ninduen zerbait hartzera. Biharamunean noiz jaiki, zer bide egin eta noraino iritsi behar nuen pentsatu beharrik gabe oheratze hori gauza handia da, eta une horretan, hori pentsatu nuen.