Kristiña Fidalgo Gazte Asanbladako kideak egin zituen gai-jartzaile lanak eta lau bertsolari aritu ziren kantuan: Aitor Zubikarai itziartarra, Bittor eta Txaber Altube anaia abadiñoarrak eta Maide Garmendia zaldibiarra.
Gai-jartzaileak pertsonaia bat sortu zuen bertsolari bakoitzarentzat eta haren azaletik aritu ziren kantuan bertso-saio osoan zehar haiek, gai nagusi baten bueltan: Gaztetxea. Gazte Asanbladan azkeneko urtea duen gaztea bata, batu berria den gazte kunplitua bestea, dena uste dakiena hirugarrena, eta porroen menpe bizi dena laugarrena. Gutxi asko horietxek ziren antolatzaileek bertsolarientzat sortu zituzten pertsonaiak, eta haien azalean jarrita kantatu zieten Gaztetxe bateko dinamikan egunero sortzen diren egoera ezberdinei. Igande arratsaldetako bilerak, igande goizetako garbiketa-lanak, Gaztetxeko hormetako pankarta eta irudiak, garai bateko militantzia eta egungoa… gai asko eta askotarikoak izan zituzten kantagai eta gozatu zuen publikoak umore dosi handia izan zuen bertso-tramaz.