Oholtza handia prest zuten biharko Garagartzako plazan, baina euria dago emanda biharko, eta B plana martxan jarri dute antolatzaileek. Kontzertuak aterpera eraman beharrak ordutegietan ere eragin du, beraz, erreparatu ordutegi berriari. Kontzertu guztiak doan izango dira.
Iragarritako moduan, Head Holesek hasiko du jaialdia, 17:30ean, eta Belakok itxi, 23:30ean. Baina bi taldeok Garagartzako plazan ematekoak zituzten kontzertuak, Gartzianeko aparkalekuan jarri duten karpa barrura eramango dituzte. Hona hemen zerrenda osoa:
- Head Holes, 17:30ean, Gartzianeko aparkalekuko karpan
- Gailu, 19:00etan, San Agustin kulturgunean
- Pelax, 20:30ean, karpan
- Mice, 22:00etan, San Agustin kulturgunean
- Belako, 23:30ean, karpan
Era berean, Mendaroko bertso eskolakoek Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren urteurrenaren harira egitekoa duten bertso saioa ere, karpara aldatu dute lekuz. Gailuren kontzertua amaitu ondoren hasiko da haien saioa, karpan, 20:00ak aldera. Bide batez, antolakuntzatik gogorarazi dute karteletara eraman duten Arriera antzerki taldekoen emanaldia bertan behera gelditu dela, antzezleetako baten osasun kontuengatik.