Lau sari banatu ditu aurten Mendaroko Udalak Kuadrillen Egunaren baitan. Batetik, epaimahaiaren iritziz, playback lehiaketan ondoen egiten zuenarentzako saria, eta bestetik, beste hiru sari, puntuagarriak ziren hiru jokoetan puntuazio handiena lortzen zuten aurreneko hiru kuadrillentzakoak. Hiru emaitza hartzen ziren kontuan azkeneko hiru sari horiek eskuratzeko: paella lehiaketako puntuazioa (40 puntu), txapel originalenari zegokion puntuazioa (20 puntu) eta playbackean lortutako puntuazioa, eta hiruretan lortutako emaitzak zenbatuta Beti Goguakin kuadrillak eraman zuen sari nagusia, 400 eurokoa.
Beti Goguakin kuadrillakoek prestatu zuten paellarik onena epaimahaikideen iritziz (hiru elkartetako bazkide banak osatu zuten epaimahaia), eta 37 puntu eskuratu zituzten 40tik. Txapel originalenari zegozkion hogei puntuetatik 16 eskuratu zituzten Beti Goguakin kuadrillakoek, eta playbackean 29 puntu batu zituzten 40tik. Guztira, beraz, 82 puntu lortu zituzten ehunetik.
Bigarren eta hirugarren postuetan berdinketa egon zen eta Taf eta Randa kuadrillen artean banatu zituzten bi sariak, bakoitzak 250na euro eskuratuta. Taf kuadrillak 24 puntu eskuratu zituen paella lehiaketan, 18 txapelaren jokoan eta 35 playbackean, eta Randa kuadrillak, berriz, 32 paellan, 19 txapelean eta 36 playbackean.