Ameikutz musika eskolako txistularien kalejirarekin hasi dute gaurko jai-egitaraua, eta ondoren, zaindariaren omenezko meza izan dute Garagartzako elizan. Hantxe bertan hasi dituzte eguneko ospakizun handiak gaur. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso jardun dira bertsotan eta Imanol Goikoetxea eta Unai Andonegik lagundu diete soinu eta panderoarekin. Bustin-alde elkartekoek txosna ere jarri dute Garagartzako plazan, urteroko legean, eta jende ugari batu dira festara. Ondoren, kalez kaleko kalejira hasi dute bertsolari eta trikitilariekin. Luzatu zaie goiza askori eta etorri zaie arratsaldea eta iluntzea ere bai askori gainera.
Arratsaldean, lehenengo mailako aizkora txapelketa jokatu dute bost aizkolarik, frontoia bete lagunen artean. Sekulako jendetza batu da Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Suharri Rodriguez, Xabier Zaldua, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV. lanean ikustera. Hain justu ere, azken hori, Txikia IV. izan da gaurko lanak bukatzen lehenengoa. Podiuma Mikel Larrañagak eta Eneko Otañok osatu dute, hurrenez hurren. Suharri Rodriguezek, berriz, jokoa utzi behar izan du. Aizkora-jokoa bukatu ondoren, erromeria hasi dute Beranduegi taldekoek plazan, eta afaltzeko atsedenean daude lerro hauek idazteko unean. 23:00etan dira berriro plazara itzultzekoak. Erromeria bukatutakoan, Anersote DJa arduratuko da parranda gogoz direnen gogoa asetzen.
Bihar, berriz, Kuadrillen Eguna ospatuko dute. Hona hemen biharko egitaraua:
- 12:00 Bizipoza txarangaren kalejira
- 13:00 Paella lehiaketa
- 15:00 Kuadrillen herri bazkaria
- 18:00 Rockalean elektrotxarangarekin kalejira
- 22:30 Playback lehiaketa
- 23:30 Rebel Boys taldearen kontzertua
- 00:30 Mugi panderoa taldekoekin erromeria
- Gero, Watxas DJa.