Elgoibarko dultzaineroen dianaren ostean, meza ospatu zuten Garagartzako parrokian, eta salbea ere abestu dute. Ondoren, frontoia bete egin da Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzerturako. Ikastolako jolastokian, bestalde, puzgarriak izan dituzte haurrek, bai goizez eta bai arratsaldez ere. Goizekoaren ondotik, arratsaldean, bete egin da berriro frontoia Verdini dantza taldearen ikuskizuna ikusteko. Down sindromedun dantzariz osatutako konpainia da Verdini eta sekulako txalo zaparra jaso dute gaur Mendaron. Ondoren, Demode Quartet taldekoak agertu dira plazara, kuatrizikloan. Plazan hasi eta Mendarozabalen amaitu dute saioa, eta jendetza eraman du ondoren. A capella aritu dira kantuan eta gozatu du plublikoak. Lerro hauek idazteko unean, danborrada da hastekoa Ikastolan, eta ondorenenerako Lisker dantza taldearen kontzertua dago iragarrita.
Bihar, berriz, Santa Ana eguna ospatuko dute Mendaron, patroiaren omenezko jaia. Hona biharko egitaraua:
- 10:00 Txistulariekin prozesioa Herriko Enparantzatik Garagartzako elizara
- 11:00 Meza nagusia, Garagartzan.
- Ondoren, erromeria Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin eta Unai Andonegi eta Imanol Goikoetxea trikitilariekin, Bustin Alden.
- 18:00 Herri kirolak, frontoian, lehenengo mailako aizkolariekin: Eneko Otaño, Mikel Larrañaga, Suharri Rodriguez, Xabier Zaldua, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi.
- 19:30 Erromeria Beranduegi taldearekin Herriko Enparantzan. 21:00etatik 23:00etara.
- Ondoren, Anersote DJarekin saioa.