Ordubete inguruko dantza emanaldia ondu dute goizean Mendaroko Gazteak dantza taldeko heldu eta gazteek. Ameikutz musika eskolako txistulariek eta trikitilariek ere parte hartu dute saioan, eta bete egin da frontoia ikuskizunerako. Agintariena doinuarekin batera sartu dira dantzariak frontoira, eta Larrain dantza egin dute lehenengo helduek. Ondoren, txikienek Makil txiki zaharra, Iragorriko esku dantza eta Arrosen balsa dantzatu dituzte, eta helduek hartu diete txanda gero. Launangoa, Jauzia, Txotxongilo, Agurra eta fandango eta arin-arina dantzatu dituzte.
Bertso eskolako ikasleek ere parte hartu dute dantza emankizunean zehar. Lehenengo, Nora Iriondo eta Larraitz Urkia bertsolari gazteek bi bertso abestu dizkiete herriko adinekoei, eta ondoren, Agurraren aurretik Iraia Arriola eta Irati Usobiagak beste bertso bat kantatu diete, elkarrekin, gaur dantza taldekoek omendu dituzten Udane Andonegi eta Intza Uranga dantzakideei.