Kilimon Trail mendi lasterketa antolatzen duten Mendaroko Txirrindularitza Elkarteko eta Lizarpe Mendi Klubeko kideen eskariz hasi zuten egitasmoa, joan zen legegintzaldian. Ibilbidea urte osoan zehar edozeinek egiteko moduan jarri nahi zuten Kilimon Trailen antolatzaileek eta ibilbidearen mantentze-lanak sistematizatu, eta horretarako, Mendi Federazioarekin eta Udalarekin jarri ziren harremanetan. Harreman horrek fruitua eman du, eta dagoeneko martxan dira Kilimon bailarako bi ibilbide PR bihurtzeko lanak. Izen hori hartzen dute ibilbide motzek, aldapa handirik gabekoek, erraz samarrak direnek eta lau ordu baino gutxiagoan egiten direnek; hau da, salbuespenak salbuespen, ia edonork egin ditzaketen ibilbideek.
Mendaroko Udalak 15.257 euroko aurrekontua (BEZ barne) bideratu du proiektu hau gauzatzeko, eta lanak udazkenerako amaituta egotea aurreikusten dute. Tarte horretan, ibilbideak finkatu, balizatu (hamar baliza jarriko dituzte guztira), hamabi poste eta hogeita bost gezi jarri, eta mapa batean bidea markatuko duen panel bat diseinatu eta kokatuko dute. Era berean, egurrezko eskailerak ere jarriko dituzte bidean, irisgarritasuna bermatzeko, eta bideak ere garbituko dituzte, sasiz eta abarrez.
Mendaroko Udaletik zehaztu dute, mendi ibilbide sarea garbitu markatu, mantendu eta inguruneko natura balioan jartzea udal gobernuaren planean jasota dagoela eta etorkizunean beste bide batzuk zehaztu eta garbitzeko asmoa dutela.