2015eko Monzongo Jazz Jaialdian sortu zen laukotea da Move eta estatuko jazz proiektu interesgarrienetako bat da egun. 2022an argitaratu zuten estreinako diskoa, taldearen izen berekoa (MOVE), "taldekide bakoitzaren konposizioekin, beren diskurtso musikalen elkarreraginetik eta mugimendutik".
Orain, beren bigarren lan luzea aurkeztera datoz Mendarora: Momentum (Underpool disketxea). Disko berrian, herri musika garaikidearen abangoardiarantz jo du laukoteak. Move taldearen musika hunkitzeko egina dago, hala diote taldekideek eurek, eta "taldekideen arteko errespetuaren, miresmenaren eta konfiantzaren emaitza da". Beste bereizgarri bat ere badu diskoak: taldekide guztien konposizioak sartu dituztela bertan, musika-proposamen heterogeneoa eta berezia sortuz. Albuma jazzaren ondarearen eta taldekide bakoitzaren bizipenen testigantza gisa ulertu behar dela diote aurkezpenean.
Uztargi tabernak, Galle-tiak gozotegiak eta Gararock taldeak antolatu dute kontzertua eta San Agustin kulturgunean izango da, eguenean, uztailaren 18an, 20:30ean.
Sarrerak 15 euroan jarri dituzte salgai Uztargi tabernan, baina egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira San Agustin kulturgunean bertan.