Mendaro ikastola gaineko parkea berrituko du Udalak udazkenerako. Udaletik zabaldu dute haurren segurtasuna bermatuko zuen parke bat eskatu zutela, material iraunkorrekin egindakoa eta mantentze-lan handirik eskatzen ez zuena, eta hainbat enpresek aurkeztu zituztela beren proposamenak. Proposamen horiek Mendaroko eskolako 5 eta 10 urte bitarteko haurrei erakutsi zizkieten, eta haiek emandako botoak kontuan hartuta, Kimubat enpresaren proposamena aukeratu du Udalak.
Jolas-gunea ingurune naturalarekin integratzeko, material naturalekin eraikiko dute parke berria, egurrarekin. Txorientzako etxetxoen ideian oinarritutako hiru egitura jarriko dituzte, eta egungo jolasguneko hainbat elementu aprobetxatuko dituzte bigarren bizitza bat emateko. Obrak egiteko 37.645 euroko aurrekontua izango du enpresak (BEZ barne).