Zabaldu dute santanetako Kuadrillen Eguneko paella lehiaketarako izena emateko epea

Barren 2024ko uzt. 2a, 16:23

Uztailaren 27an ospatuko dute Kuadrillen Eguna Mendaroko Santa Ana jaien barruan, eta Udaletik jakinarazi dute uztailaren 14a arteko epea dagoela egun horretako bazkarirako izena emateko.

Bazkaritan izena emateko gutxienez 14 urte izan beharko dira eta pertsonako bost euro ordaindu beharko dira. Uztargi, Ormola eta Aitz Beltz tabernetan eman behar da izena, kuadrillaka. Udalak arroza eta oilaskoa banatuko dizkie kuadrillei egun horretako bazkaria prestatzeko eta 13:00etatik 14:30ak arteko tartea izango dute izena emandakoek paella prestatzeko. Bazkaritara txapel originalak eramateko eskaera ere egin diete kuadrillei. Aurten, hiru gauza hartuko dituzte kontuan Kuadrillen Eguneko sariak banatzeko: paellan lortutako emaitza (40 puntu), bazkaritara eramandako txapel originalenak (20 puntu) eta gauean egingo duten playbackean lortutako emaitza (40). Hiru sari banatuko dituzte: 400 euro jasoko ditu kuadrilla  irabazleak, 300 euro bigarrenak eta 200 hirugarrenak.