Helduen Hezkuntzako ikasgela bat sortzeko saiakera egingo dute Mendaron

Barren 2024ko uzt. 2a, 13:53

Helduen Hezkuntzak (HHE) oinarrizko prestakuntza eskaintzen du, alfabetatzetik Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzeraino, eta azkeneko urteetako eskaria kontuan hartuta, herrian bertan ikasgela bat sortzeko bidea egin du Mendaroko Udalak. Taldea osatuko balitz, eskolak udaletxean emango lituzkete. 

 

Azken ikasturtean, Mendaroko dozena bat herritarrek egin dute Helduen Hezkuntza inguruko herrietan. Eskaria dela eta, herrian bertan ikasgela bat irekitzea proposatu du orain Udalak. Enetz Ezenarro alkatea HHEko arduradunekin bildu da aukera horren inguruan eztabaidatzeko. Taldea osatzen bada, Udalak udaletxeko lokal bat lagako du HHEko formazioak bertan egin daitezen datorren ikasturtean. Irailean zabalduko dute matrikulazioa.  "Mendaroko Udaletik uste dugu ezinbestekoa dela herritarrei gutxieneko hezkuntza maila bermatzeko tresnak eskaintzea. Mendaro herri anitza da eta guztiontzako aukerak eskaini beharko lituzke. Udal-erakunde gisa, gure ardura da lokal eta baliabideak erabiltzeko erraztasunak ematea, eta horregatik, gure esku dagoena egingo dugu HHEko ikasleak beraien herrian bertan klasera joan daitezen ", esan du Enetz Ezenarro alkateak.