Mendaroko Ospitaleko larrialdi zerbitzua itxi egin behar izan dute gaur, euri erauntsiak erizaindegiko sabaian eragindako kalteengatik. Osakidetzatik jakinarazi dute osasun-laguntza bermatzeko jarduera-protokoloa ezarri dutela eta gaixo larrienak Donostiako eta Zumarragako ospitaleetara bideratuko dituztela eta gainerakoak Eibarko Etengabeko Arreta Gunera. Itxuraz ura sartu da klimatizazio sistemara eta sabaitik behera filtratu da.
Kalean ere, ura pilatu da ohiko lekuetan, bereziki Kilimon etorbideko 1. zenbaki inguruan, eta luiziak ere izan dira inguruko landa bideetan. Mendarozabalen, Irabane eta Andikoetxe baserrietarako bidean izan da luizi ikusgarrienetako bat (goiko irudian).
Mendaroko ikastolaren azpiko estolderiak ere gainezka egin du, putzu handi bat sortuz. Debabarrena eskualdeko mankomunitateak estolda libratu du dagoeneko eta egoera kontrolpean dagoela jakinarazi du Mendaroko Udalak.