Uztailaren 20an hasiko dituzte aurten santanak Mendaron, Gazte Egunarekin, baina bigarren asteburua ere harrapatuko dute jaiek. Jaietako bigarren astean egingo dituzte bi danborradak: helduena, Udalak antolatuta, eta haurrena, Arno Guraso Elkarteko boluntarioek antolatuta. Uztailaren 25ean, Santio Egunez, izango da helduen danborrada eta hiru entsegu-egun zehaztu ditu Udalak: uztailaren 1ean, 8an eta 15ean elkartuko dira, 21:00etan, frontoian. Azkeneko entsegu egunean banatuko dute arropa, ohi legez.
Haurren danborrada, berriz, uztailaren 28an egingo dute, arratsaldez. LH1etik LH6ra arteko umeek parte hartu dezakete danborradan, eta antolatzaileek, Arno Guraso Elkartekoek, hiru entsegu egun lotu dituzte uztailak 8, 15 eta 22rako. Entseguak frontoian egingo dituzte, 19:30ean hasita.