Gararock parkean du izena Gararock jaialdiaren atarikoa izaten den kontzertuak, baina eguraldi iragarpenak barikurako euria ematen duela-eta, Santa Kuzkuako Parketik aterpera, San Agustin kulturgunera, lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. 19:00etan hasiko da kontzertua.
Petti, kantautore eta musikari beratarra arituko da bertan, gitarrarekin, Etxeko Uzta taldekoak lagun dituela: Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta haren anaia Igor (bateria).
Ina Iriondo Gararock taldekoak aurreratu du kontzertu egunean salgai jarriko dutela iraileko jaialdirako sortu duten materiala. Eta, ohi duten moduan, irailaren 21ean egingo duten Gararock musika jaialdiko kartela ere aurkeztuko dute, etorriko diren taldeak zein diren argituz. Jakiten lehenak izan nahi dutenek Pettiren kontzertura joan beharko dute. Sarrera doakoa da.