Ameikutz musika eskolako txistulariek, Mendaroko Gazteak dantza taldeko dantzari helduek eta haurrek, Erraldoien Konpartsakoek, dantza modernoko ikasleek, irrintzilariek eta Andoni Riaño, Mikel Etxaniz eta Asier Rodriguez dultzaineroek parte hartu zuten akelarrean; guztira, berrogeitaka lagunek. Trinitaten hasi behar zuten desfilea Azpilgoetan hasi zuten, 22:00etan, euriak oso labainkor laga zuelako Trinitatetik beherako bidea, eta gainerakoa Herriko Enparantzan egin zuten, su handiaren bueltan. Adar hotsekin eta Satur eta Lisbeth Roteta izeba-ilobek botatako irrintziekin hasi zen ikuskizuna. Dantza eta musika izan zituen osagai nagusi Akelarreak, bai eta sua ere, jakina. Dantzariek eurek piztu zuten sua, eta Erraldoien Konpartsakoek Akerbeltz eta Mari ere atera zituzten dantzara. Estreinako aldia izan zuen atzokoa Upe Gonzalez, Mari Karmen Bustillo, Jurdan Ezenarro eta Amagoia Basurtoren artean egindako Mari erraldoiak.
In Leike kultur elkartetik eskerrak eman dizkiete parte-hartzaile guztiei eta udaletxeko brigadako langileei gaur, sare sozialen bidez.