Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak elkarrekin antolatu dute gaur Mendaron hasi eta amaitu den jubenilen Gipuzkoako Itzuliko lehenengo etapa. 180 bat txirrindularik jokatu dute lasterketa, eta 92 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute guztira. Mendaron hasi, Bergararaino igo, Elgoibarko Arriaga auzora jaitsi, atzera Bergararaino buelta egin, Sasiolatik Kalbario gainera igo eta handik Mendarora itzuli dira berriro. 10:30ean abiatu da tropela, eta 02:08:45eko denbora eginda, Hector Alvarez Martinez (LUCT) izan da helmugaratzen lehenengoa, atzo Idiazabalgo prologoa irabazi zuen berbera. Esprinean nagusitu da Alvarez. Haren denbora berean sartu da helmugan Iker Gomez Lopez de Goikotxea (QALB) nafarra, gaur mendiko mailota eskuratu duena, eta Zeelanda Berritik etorritako Lachlan Mcnabbe (DROM) egin du sailkapen nagusian hirugarren, irabazlearengandik bost segundora sartuta. Helmugaratu den lehenengo gipuzkoarra, berriz, Beñat Sainz Arriola izan da (02:12:32), eta Joan Cardona Valdajosek eta Eñaut Urkaregi Sanzek osatu dute gipuzkoarren podiuma. Taldeka, berriz, KH7 Cycling taldekoak izan dira onenak.
Bihar, domeka, Andoainen jokatuko da bigarren etapa, eta etzi, astelehenarekin, amaituko da Itzulia, Legazpin jokatuko duten etaparekin.