Bitxia da haren istorioa. Aurrez sekula halako lanetan ibili gabeak ziren lau lagunen artean sortu dute erraldoia: Jurdan Ezenarrok eraiki du egurrezko egitura, Upe Gonzalez eta Mari Carmen Bustillo koinata elgoibartarrek sortu dute erraldoia bera eta josi dizkiote arropak, eta Amagoia Basurtok margotu eta apaindu du.
Nola edo nork bultzatuta hasi zinen zu halako lanetan?
Gure alaba Ainhoak nahastu ninduen ni honetan. Mendaroko Konpartsa taldean sartuta dabil eta okurritu zitzaion laguna behar zuela Akerbeltzek. Harentzako laguna sortzeko aurrekontuak-eta
eskatu zituzten leku ezberdinetan, baina garestiegi zitzaien nonbait eta gainera ez zieten bermatzen San Joan bezperarako egongo zenik, eta gurealabak-eta Akelarrerako nahi zuten. Iazko azaro
aldera esan zidan ea animatuko nintzatekeen zerbait sortzera, eta ezetz esaten jakin ez nik! Koinatari, Mari Karmeni, komentatu nion eta animatu zen hura ere, eta halaxe hasi ginen, hutsetik, ideia handirik gabe, ez dugulako sekula aurrez halako lanik egin. Interneten begiratu, eskulanetarako Youtuben dauden tutorial ugari ikusi eta sartu ginen ur handitan.
Ez duzuela sekula halakorik egin aipatu duzu, baina jakin badakigu eskulanetan abilak zaretela.
Etxekoentzako arropak josi izan ditut nik inauterietarako eta bilobaren bati maskararen bat ere egin izan diot mozorroren baterako, baina horixe, ez gehiago, eta ezta oraingo obligazio honekin ere. Hau ezberdina izan da, eta guk uste baino konplikatuagoa. Poliespanezko bola handi batekin egin genion burua, eskulturaz ezer jakin gabe ezin ginelako aurpegi bat moldeatzen hasi. Lepo motzekoa irten zitzaigun Mari, buru borobilegikoa, masail handikoa eta sudur txikikoa, eta ekin genion kolarekin eta egunkari orriekin irudia nolabait fintzeari. Eskerrak gero makilatzaile ona izan duen Marik! Amagoia Basurto artista da margotzen eta hark emandako itzalekin eta abar, findu diogu aurpegia. Ilea ere behar zuen, baina, Marik, eta pentsatu genuen egunkari orriekin egitea. Nire koinata ibilia zen aurrez egunkari orriekin egindako txurroekin panpinentzako ilea sortzen. Eta hala hasi ginen ilea egiteko txurroak banan-banan sortzen. Ilea buruari itsatsita izaten dute normalean erraldoiek, baina gure alaba honek ile luzea nahi zuen Marirentzat, soltea eta ondulatua, eta nola-hala konpondu genuen hori txurro bakoitzari alanbre bana sartu eta forma emanda. Lanik zailena hori izan zen burua egitea. Momenturo inprobisatzen jardun gara.
Aurrez izan da zuen etxean halakotarako afiziorik?
Koinatu bat izan nuen nik ona halako lanetan: Xiri Andonegi (Mutriku, 1955-2011). Eskultorea eta margolaria zen bera, eta berak sortuak dira Mutrikuko erraldoi eta buruhandi asko, esate baterako: sorgina, Ortzi, Mari, Akerbeltz eta lau Galtzagorriak, baina ez, bestela ez da gurean halakotarako aparteko afiziorik eta eskurik izan.
Apain-apain jantzita irtengo da plazara Mari.
Arropak josteari ez genion horrenbesteko beldurrik, horretan ibiliak garelako bai koinata eta baita neu ere aurrez, baina, jakina, sekula ez dugu halako neurritako ezer josi. Iritzira hartu genituen neurriak ere! Jurdanek emandako neurriak marraztu genituen lurrean zinta batekin koinataren etxeko zoruan, eta handik kalkulatu genituen neurriak, iritzira esan bezala. Amagoia, Ainhoa eta hirurok joan ginen gero ehunak aukeratzera dendara eta erabaki genuen hiru ehun ezberdinekin egitea soinekoa, lasaiera handikoa izan zedin, dantzarako ikusgarriagoa. Bi asteburutan josi genuen arropa, sagardotegietako mahai luze horretako baten gainean zabal jarrita, baina konturatu ginen bularraldeko neurriak hartuta josi genuela guk soinekoa eta erraldoiari ez geniola bularrik egin. Hor beste ezusteko bat! Konpondu genuen, baina, eta besoak eta eskuak Amagoiak egin zizkion gero. Artista da bera eskulanetan. [Amagoia Basurtok sortua da baita ere Motxaila Eguneko Kilimona eskultura. Ezkerreko irudikoa].
Domekan irtengo da plazara estreinakoz Mari. Etorri beharko zara Mendarora ikustera, ala?
kar-kar. Koinatari esan nion, baina lana dauka hark eta niri lotsa puntu bat ere ematen dit, egia esan. Ilusioa egingo dit plazan dantzan ikusteak, baina izua diot nik jendeaurrean agertzeari. Nahikoa ari naiz egiten orain hemen!
Mendaroko konpartsa taldean dabil zuen alaba Ainhoa. Ederra litzateke berak dantzatzea, ala?
Bai, eta horixe daukat pena handiena, alaba-eta kanpoan izango direlako domekan eta ezingo dutelako Akelarrean parte hartu. Berak ere badu arantza hori nik uste, baina izango du horretarako aukera laster, santanetan.