Euria dago iragarrita biharko eta azken ordura arte zerura begira egongo dira bihar Ameikutz musika eskolako arduradunak erabaki bat hartzeko. Izan ere, berezia izan ohi da ikasturte amaieran Herriko Enparantzan eman ohi duten kontzertua. Ohgoltza eta egitaraua prest dituzte plazan ordubete inguruko kontzertua emateko, baina bihar eguerdian erabakiko dute kontzertua Herriko Enparantzan mantentzea edo San Agustin kulturgunera aldatzea.
Kontzertua abesbatzako ikasleek hasiko dute; zehazki, musika tailerreko haurrek. Epo ita ita ie kantua abestuko dute txikienek, eta ondoren, abesbatzako gainerakoek beste bost kantu kantatuko dituzte: Ezer ez da berdina; Zure begi horiek; Banaha; Akai hana; eta Ikusi mendizaleak. Azkeneko kantu horretan tronpetistak eta txistulariak izango dituzte lagun. Gitarra, baxu, bateria, trikitia eta abeslari batek osatutako konboak M-Zten taldearen 104 ilargi interpretatuko du gero, eta gitarra elektriko sartuta, Huntzaren Iñundik iñoare joko dute ondoren. Biolin-joleak igoko dira gero oholtzara, Arrosako Zolan kantu herrikoia jotzera, eta haien atzetik bi txistulariek bi pieza joko dituzte: Ez adiorik eta Saltokako zortzikoa. Pandero-jole eta perkusiokoak batuta, kopla herrikoiak kantatuko dituzte gero. Haizezko istrumentuen txanda izango da gero, eta tronpeta-joleek La vie en Rose kantua joko dute, pianoaz lagunduta. Trikiti eta panderoko ikasleak igoko dira ondoren oholtzara, kantu herrikoi batekin: Euskaldnak gara. Jaialdia ixteko, Waltz of the Little Girls kantua interpretatuko dute biolinarekin eta pianoarekin, eta Lokaleko leihotik kantuarekin emango dio azkena konbo taldeak emanaldiari.