Zerbitzuak gehitu eta udako ordutegia ezarri dute Mendaroko udal liburutegian

Barren 2024ko eka. 18a, 12:05

Astelehenetik aurrera, udako ordutegia izango du Mendaroko udal liburutegiak: astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara.

Uztailean goizeko ordutegia izango du udal liburutegiak, eta abuztuan itxi egingo dute, irailaren 2ra arte. Ikasturte berria, baina, berrikuntzekin hasiko dute. Izan ere, udazkenean helduentzako euskarazko irakurketa kluba sortuko dute. Liburutegik jakinarazi dute aurki aurreratuko dutela zer egunetan eta zer ordutegitan izango den irakurketa kluba, eta noiz zabalduko duten izena emateko epea.

Harpidetza berriak

Hala ere, berrikuntza batzuk ezarri dituzte dagoeneko liburutegian. Izan ere, harpidetza berriak eginda, bilduma handitu du liburutegiak, eta gaur hainbat egunkari eta aldizkari ere badaude bertan irakurgai: Egunkarien artean, Berria, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, eta Gara egunkariak irakur daitezke egunero liburutegian, eta Argia, National Geographic eta Muy Interesante aldizkarietara ere harpidetu da liburutegia. Horiez gain, ondorengo beste agerkari hauek ere eskura daude bertan, harpidetzarik gabe: BARREN astekaria,  Aisia BizizBehinola, Bertsolari, Bidaiari, Cuba Información, Eko Lurra, El Jueves, El Karma, Etxalde, Euskal Herria, Fotogramas, Gazteberri, Gaztezulo, Irria, Kontsumobide, Mundo Negro, Qué Leer, Quo, eta Sustrai.

Inkesta

Mendaroko udal liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruko inkesta ere zabaldu zuten joan zen astean Udaletik eta ekainaren 30a arteko epea eman dute betetzeko. Paperean nahiz telematikoki bete ahal da inkesta. Paperean bete nahi duenak liburutegian bertan jaso behar du, eta telematikoki egin nahi duenak hauxe du inkestara sartzeko esteka.