Jubilatuen lokala handitzeko eta egokitzeko plana aurkezteko, batzar batera deitu zituen Udalak 60 urtez gorako herritarrak joan zen martitzenerako, gutun bidez, eta udaletxeko udalbatza aretoa bete egin zen. Proiektua idazten hasi aurretik, arkitekto batek egindako proiektu-zirriborroa aurkeztu zieten herritarrei. Itxasertz arraindegia erosteko akordioa egin du Udalak jabearekin, eta proiektu berrian, metro koadro horiek gehituko zaizkio gaur egun jubilatuen lokalak, lokal zuriak eta Lagun Betikoak tabernak hartzen duten espazioari. Asmoa zera da: jubilatuentzako egoitza berria espazioaren ezkerreko aldean kokatzea, gaur lokal zuria eta arraindegia direna okupatuz, eta orain jubilatuek erabiltzen duten gunea eta taberna egokitzea, tabernan lanerako lekua irabazteko batetik eta espazio horretan hitzaldi eta formato txikiko jardueretarako erabilera askotariko gune bat sortzeko, bestetik.