Udalerri euskaldunetan bertako hizkuntza nabarmentzeko ekimena da UEMAk sustatutako hau, eta bisitariak euskaraz gozatzera animatu nahi ditu, bai eta zerbitzuen sektoreko langileak zerbitzua euskaraz ematera ere. Orohar, kanpainaren helburu nagusia udalerri euskaldunak balioan jartzea da, eta Mendaroko Udalak bat egin du kanpainarekin.
Hala, euskaraz zerbitzua ematen duten Mendaroko taberna eta jatetxeetan mahai-gainekoak utziko dituzte, bai eta kanpainari buruzko informazioa eta bost hizkuntzatara itzulita dagoen hiztegi txikia ere (katalana, galiziera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Gainera, QR baten bitartez, ekimenari buruzko informazio gehiago eta euskal abestiez osatutako erreprodukzio zerrenda eskuratzeko aukera ere izango du bezeroak.
Bestalde, herriko merkatari eta ostalariei ere eskuorriak banatuko dizkiete Udaletik, haien bezeroekin euskaraz egitera animatzeko eta euskarazko zerbitzuaren berri emateko. Erakusleihoetarako kartelak ere banatuko dizkiete.