Hodei Ezpeleta hirugarren eta Uxue Ansorregi bigarren Urrezko Aizkolarien finaletan

Barren 2024ko eka. 10a, 15:05

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala eta emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketa jokatu zituzten atzo Urrestillako Txikuri pilotalekuan.

Finalen bueltan herri kirol jaialdi handia antolatu zuen Egur Sport enpresak, eta harrijasotze dema berezia ere egin zuten Urrestillan.
 
 Hiru aizkolari lehiatu ziren Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finalean: Hodei Ezpeleta, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente. Azken bi urteetako txapeldunari, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrari erreleboa hartu nahi zioten hirurek, baina Iker Vicente otsagabiarrak lortu zuen hori. Aizkolari nafarra izan zen azkarrena lehiatu ziren proba guztietan: erlojuaren kontrako enborrretan, etzanetan zein zutikakoan, eta baita bukaerako lan luzean ere. Lan guztiak osatzeko 19 minutu eta 6 segundo erabili zituen. Emozioarentzako tarterik laga gabe gailendu zen: 2.39 atera zibigarren sailkatu zen Mikel Larrañaga azpeitiarrari (21.45), eta Larrañagak baino minutu pasa gehiago behar izan zituen hirugarren finalistak, Hodei Ezpeleta mendaroarrak (22.49). Azken probara arte bigarren postuan joan zen Ezpeleta, harik eta Larrañagak aurrea hartu zion arte. Azpeitiarra laugarrengoz izan da bigarren atzokoarekin. Vicentek, berriz, hirugarrengoz irabazi du txapelketa hau, 2018an eta 2019an lortutako garaipenen ostean.


 Ansorregi txapeldunorde, Sorondorekin

  Emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketan estuagoak izan ziren aldeak: 11 segundoren barruan bukatu zituzten lanak finalean lehiatu ziren hiru bikoteek. Txapela Malen Barrenetxeak eta Karmele Gisasola Zelai III.ak jantzi zuten (6.19), Uxue Ansorregi mendaroarra eta Nerea Sorondo beratarra sailkatu ziren bigarren postuan (6.23), eta Oihana Fernandez Barrena eta Maika Ariztegi (6.30) izan ziren hirugarrenak.

Urrestillako herri kirol jaialdiko irudiak azpeitiaguka.eus

Uxue Ansorregi eta Nerea Sorondo, gorriz, eta Oihana Fernandez Barrena eta Maika Ariztegi, zuriz, txapelketako une batean. Arg: Azpeitia Guka