Lehiaketara aurkeztu diren 6.500 lagunetatik hamabiren lanak aukeratu dituzte finalerako Madrilgo Idazleen Eskolakoek eta haien artetik Goitiarena aukeratu dute onenentzat. Gehienez 100 hitzetako mikrokontakizuna idatzi behar zuten lehiaketarako, gaztelaniaz, eta testua esaldi honekin hasi: "Estaba justo enfrente". Hirugarren baldintza bat ere bete behar zuen, baina, kontakizunak: metroan girotua egon behar zuen istorioak. Goitiak literatura klasikoko bi lan uztartu ditu Tragedia moderna lanean, On Kixote Mantxakoa eta Hamlet, eta etxebizitzaren problematikari keinua egin.
Iñaki Goitiaren lan saritua Madrilgo metroaren bagoietan jarriko dute irakurgai, bai eta metroko geltokietako publizitate panelen baten ere. Idazleak berak itsatsi zuen atzo lehenengo alea. Lehiaketa irabazteagatik 1.500 euro eta ikastaro trinko baterako matrikula jaso ditu saritzat Goitiak, Idazleen Eskolaren eskutik. Idazlea pozarren agertu da sariarekin. Esan du ez zuela inondik inora espero epaimahaiak berea aukeratzea hainbeste lanen artetik eta oraindik sinistu ezinda dagoela.
Epaimahaikideentzat ere ez da lan erraza izan. Esan dutenez, 6.500 lanen artetik hamabi aukeratzea erronka handia izan da, eta are zailagoa azken horietatik bakarra aukeratzea. "Iñaki, sari hau zuretzako da, merezi duzu!", esan diote saria ematerakoan.
Ver esta publicación en Instagram