Mendarozabal auzoko jaiak dira Trinitateak, eta gaur, hirugarren jai-eguna dute. Urtero izan ohi duten moduan, meza izan dute goizean Trinitate baselizan, eta ondoren, ikastolako LH3tik gorako eskola-umeak aritu dira bertsotan, oholtzan. Jai-batzordekoak fin aritu dira gaur ere, txosnan, txorizo eta legatz ogi-bitartekoak prestatzen, meza-osterako. Orduan pilatu da jende gehien Trinitaten. 12:00etarako ikastolako umeen bertso-emanaldia zegoen iragarrita, baina ordua baino aurretik igo dira haurrak oholtzara, artean elizkizuna amaitu gabe zegoela. Euri itxura zuen eguraldiak eta beharbada hori izan da emanaldia aurreratzeko arrazoia, eguraldiak goibeletik beltzera egin duelako bertso emanaldiak iraun bitartean, eta euritan jarraitu behar izan dutelako saioa entzuleek, elizako arkupeetara eginda batzuek, aterkiak zabalduta besteek. Kantaldia amaitu ondorenean, Saioa Lizarralde eta Leandro Esnaola trikitilariak igo dira oholtzara, eta erromeria txikia ere sortu dute, eskola-umeak eskolara erretiratu bitartean.