Ameikutz musika eskolako trikitilariek hasi dituzte gaurko ospakizunak. Kalez kale aritu dira txistulariak herritarrak jairako deitzen. Ondoren, 11:30ean, meza izan dute mendaroarrek Trinitate baselizan, eta elizkizunean Mendaroko eta Itziarko abesbatzakoek, Ameikutz musika eskolako abesbatza txikikoek eta txistulariek parte hartu dute. Meza ostean, ohiko jaia izan dute. Saioa Lizarralde eta Ainhoa Gurrutxaga azpeitiarrek jarri dute zuzeneko musika, trikiti eta panderoarekin, eta Maddi Gesalaga, Ugaitz Mugertza eta Eñeko Otañok eman dute herri kiroletan erakustaldia, 100 kiloko harriarekin batak eta aizkoran beste biek. Aizkora jokoan, Ugaitz Mugertzak irabazi du.
Trinitateko jai batzordekoek txosna ere jarri dute ohi moduan, eliza atarian, eta ogitartekoak prestatu ahala kendu dizkiete eskuetatik herritarrek. Izan ere, jendea ibili da Trinitaten gaur, batez ere meza-osteko denboran. Hala ere, jaiak ez dira gaur amaitu. Bihar, Trinitate Txiki eguna ospatuko baitute. Gaurko antzera, bihar ere elizkizuna izango dute, baina 11:00etan, eta ondoren, 12:00etatik aurrera, LH3tik gorako ikastolako haurrak bertsotan arituko dira oholtzan. Saio Lizarralde eta Leandro Esnaola ariko dira biharko goiza trikiti-soinuekin girotzen.