Maiatzaren 30ean hasiko dituzte Mendaron Gazte Asanbladakoek antolatu dituzten frontenis txapelketak. Gizonezkoen txapelketarako hemezortzi bikotek eman dute izena, eta emakumezkoenerako, berriz, zortzik. Partida gehienak eguen eta bariku arratsaldeetan jokatuko dituzte, Goñati frontoian, 18:00etatik aurrera. Salbuespen bakarren bat egingo dute, esaterako, maiatzaren 31n, egun horretarako, Bertso-Pilota txapelketako saioa duelako lotua Mendaroko Udalak. Antolatzaileek jakinarazi dute publiko egingo dutela egutegia, dena lotua dutenean. Finala, berriz, santanetan egingo dute, uztailaren 20an, Gazteen Eguneko egitarauaren barruan. Sari banaketa ekitaldia Gaztetxean izango da.