Elgoibarko Lagun Taldeak antolatu zituen atzoko lasterketak, Erramone industrialdean. Infantilena izan zen lasterketa nagusia, baina aurrez, benjaminek eta alebinek ere izan zuten beren erakustaldia emateko aukera. Benjaminek bi itzuli eman zizkioten bi kilometro inguruko zirkuitoari, alebinek hiru, eta infantilek, zazpi. 16:30erako iragarria zegoen lasterketa, eta hasi aurretxoan izugarrizko ekaitza bota zuen. Hala, errepide bustian aritu ziren txirrindulari gazteak. Benjaminetan denek jaso zuten domina, eta alebinetan eta infantiletan, lehenengo hirurek jaso zuten garaikurra, bai mutiletan, bai eta nesketan ere. Alebinen mailan, nesketan, Nile Agirretxe Dorletako ama txirrindularitza eskolakoak, Naikari Oria Azkoitiko Peña Elortzakoak eta June Iraolagoitia Elgoibar Lagun Taldekoak izan ziren azkarrenak, eta mutiletan, Julen Osa (Peña Elortza), Ekaitz Urteaga (Aloña mendi) eta Ion Salaberria (Goierri k.t).
Infantiletan, berriz, Dorletako Ama Txirrindulari eskolako Unai Oyon eta Markel Diaz izan ziren lehenengo bi azkarrenak eta Aimar Irizar Aloña mendikoak osatu zuen podiuma. Nesketan, Izaro Ezpeleta (Dorletako ama), Ainhoa Plaza (Dorletako ama) eta Ane Atorrasagasti (Aloña mendi) sailkatu ziren lehenengo hiru postuetan.