Bi lasterketa izan dira aukeran: 23 kilometrokoa eta 11 kilometrokoa. Lasterketa luzerako 195 lagun zeuden izena emanda, eta motzerako, berriz, 158. Antolatzaileek, Mendaroko Txirrindulari Elkartekoek eta Lizarpe Mendi Klubekoek, iragarria zuten aurten bi ibilbideetako azkeneko zatia aldatua zutela, mendi-lanak direla-eta, baina gainerakoan, ohiko ezaugarriak izan ditu Kilimon Trail mendi lasterketak. Ordubiak alderako hasi dira plazara inguratzen korrikalari goiztiarrenak, gaur Euskal Herriko Itzulia ere igaro delako Mendarotik, 14:15ak aldera, eta ez zutelako berandutzeko arriskurik hartu nahi, nahiz denbora bazen bata ikusteko eta bestean lehiatzeko ere.
Arratsaldeko lauretan abiatu dira lasterketa motzeko korrikalariak Herriko Enparantzatik, eguzki galdatan. Horixe izan baita gaurko ezaugarria: bero sapa. Eta izan du eragina, jakina, gaur egindako denboretan ere. Lasterketa luzekoak 16:05ean abiatu dira plazatik. Tropel horretan zen Maite Maiora mendaroko lasterkaria, bai eta Igon Mancisidor debarra ere, aurtengo karteleko gizona eta orain arteko edizio guztiak jokatua dituena. Iazkoarekin alderatuta, hori bai, izen handiko korrikalari gutxiago izan dira aurten, baina gazte asko, eta herrikoak bertakoak ere ugari. Ibilbide luzekoek bost anoa postu izan dituzte bidean: Barrenkortan, Madarixan, Munitibarrenen, Otarren, Lizarpe gainean eta Garizubieta baserriko txabola parean, eta motzekoek, bi, azkeneko biak. Gaur, hori bai, jatekoa baino gehiago edaria eskertu dute korrikalariek.
Kilimon Trail lasterketa luzean Gontzal Murgoitio elorrioarra izan da azkarrena gizonezkoetan (2:05:33), eta Walter Becerra sestaoarrak eta Igon Mancisidor debarrak osatu dute podiuma, 2:08:30eko eta 2:17:37ko denborak eginda. Emakumezkoetan, berriz, Ainara Urrutia aretxabaletarra nagusitu da (2:42:01), eta Urrutiarengandik sei minutu eskasera helmugaratu da Maite Maiora herriko lasterkaria (2:48:25). Hirugarren Ainhoa Caporossi zumaiarrak egin du (2:48:47). Ibilbide luzean, Lizarpetik Gaintxipia mendi tontorrera arteko denbora neurtu dute antolatzaileek. Krono igoera horretan, Gontzal Murgoitio berak egin du denborarik onena (0:03:02) eta beste bi azkarrenak Walter Becerra (0:03:35) eta sailkapen nagusian hogeita hamazazpigarren egin duen Jesus Bagazgoitia izan dira (0:04:08). Emakumezkoetan, Maite Maiora (0:05:04), Nerea Amilibia zarauztar korrikarari beteranoa (0:05:05) eta Ainhoa Caparossi (0:05:08) izan dira Lizarpetik Gaintxipia arteko bidea osatzen azkarrenak.
Lasterketa motza
Lasterketa motzeko lehenengo hirurek ordubete azpitik egin dute. Imanol Inza zumarragarra izan da helmugaratzen azkarrena, 0:56:37ko denbora eginda, eta minutu eta hogeita zortzi segundora helmugaratu da bigarrena, Mikel Zabala. Gizonezkoen podiuma Mattin Odriozolak osatu dute. Lehenengo hamarren artean egin du Sergio Agirregomezkorta elgoibartarrak (0:59:23) eta hamaikagarren helmugaratu da Jon Larrañaga, lehenengo mendaroarra (1:01:31).
Emakumezkoetan, berriz, Lola Oiartzabal gasteiztarra izan da onena (1:08:39), eta haren atzetik Leire Olazabal debarra (1:11:31) eta Garazi Korra gasteiztarra sartu dira (1:13:34). Emakumezkoetan, Nagore Urkiza izan da lasterketa motzeko lehenengo mendaroarra (1:23:06).
Hona Josu Juaristiren argazki bilduma: