UEMAk jakinarazi du aurten bi txanda izango direla udalekuetan: ekainaren 24tik uztailaren 2ra, eta uztailaren 4tik 12ra. Martxoaren 1ean zabaldu zuten izena emateko epea, eta martxoaren 31n amaituko da.
Aurten ere ibiltaria izango da ekimena: Arantzan hasi eta, Doneztebe eta Oronoz-Mugaire zeharkatu ondoren, Elizondora iritsiko dira partaideak. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoentzat. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua.
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira, hain zuzen, UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Azaldu dutenez, "udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain".
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea" da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da, hortaz, udaleku hauekin.
Lau modutara eman daiteke izena: uema.eus webgunean, telefonoz (943 81 66 99), posta elektronikoz (administrazioa@uema.eus), eta Telegram edo Whatsapp bidez (608 66 81 55).