Martxoaren 15ean eta 16an ospatuko dute Mendaron Motxaila asteburua, udaberriaren etorrera ospatzeko. Hasteko, martxoaren 15erako, bertso-saioa antolatu du Motxaila Elkarteak, Udalaren babesarekin. Punta-puntako lau bertsolari gonbidatu dituzte aurten ere: Alaia Martin, Amets Arzallus,Maialen Lujanbio eta Julio Soto. San Agustin kulturgunean izango da saioa, 22:00etan hasita, eta aurten ere, Ainhoa Urbieta Iriondo mendaroarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Sarrerak Aitzbeltz tabernan eta Morroskillo dendan jarri dituzte salgai, 8 euroan.
Biharamunerako, hilaren 16rako, egun osoko egitaraua antolatu dute. 09:00etan Gaztetxean elkartu eta Aitzbeltz kobazuloraino igoko dira aurrena, eta han, urteroko usadioan, mokadua egingo dute 11:00ak aldera.
Zuzeneko musika ere egongo dela aurreratu dute eta Inma Mugertza hidrogeologo elgoibartarrak paisaia karstikoaren eta lurrazpiko uren inguruko azalpenak emango ditu. 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta bazkalostean, Manex Astigarraga eta Asier Galarza bertsolarien bakarrizketekin gozatzeko aukera izango da. Iluntzean tabernaz taberna ibiliko dira Patxangoi elektrotxarangakoak lagun hartuta, eta gauean, Ortzi eta Kaparrak taldeek kontzertua emango dute, Gaztetxean. Bazkaritarako txartelak Lagun Betikoak tabernan jarri dituzte salgai, 12 euroan.