Zubiko obren ondorioz, trafikoan aldaketak izango dira Mendaron martxoaren 6tik aurrera

Barren 2024ko mar. 4a, 15:06

Garagartza aldetik errepide nagusira irten nahi dutenei eragingo die aldaketak. Eguaztenean, hilaren 6an, zubitik ikastolara arteko tartean errei bat itxi egingo dute, eta beraz, Kapaingotik bueltan irten beharko dira ospitaleko bideraino eta handik errepide nagusira. Gipuzkoako Foru Aldunditik Udalari jakinarazi diote irailera arte mantenduko dutela aldaketa hori.

Uholdeentzat oztopo zela iritzita San Antonioko harrizko zubi zaharra eraistea erabaki zutenetik, Garagartza, Mendarozabal eta Herriko Enparantza 634 errepidearekin lotzeko dagoen bide bakarra da orain konpontzen ari diren zubia. 1976an eraiki zuten, eta Bide Azpiegituretako teknikoek aldiro-aldiro egiten dituzten ikuskapenetan, arrakalak eta hezetasunak eragindako kalteak atzeman zizkioten. Horregatik,  hasi zituzten obrak: egituran atzeman dituzten arazoak konpontzeko, euste-sistema sendotzeko, eta bertatik pasatzen diren zerbitzu guztiak ordenatzeko (telefonoa-sarea, ur-hoditeria...). Teknikariak lanean ari dira, eta tarteka orain ere sortzen dira eragozpenak, sarbide bakarra izanda derrigortuta daudelako trafikoa eten gabe egitera lanak, baina eguaztenetik aurrera, aurreikustekoa da eragina handiagoa izango dela. Izan ere, zubia eta ikastola arteko zati horretan errei bakarra egongo da,  herrira sartzeko bakarrik erabiliko dena. Ondorioz, herrigunetik errepidera irten nahi duenak, ikastola pasata, ezkerretara hartu beharko du, aldapan gora egin eta Kapaingo etxe ondotik ospitalera doan errepide zatira irteteko. 
 
Zubiaren konponketa lanak
Egituran topatu dituzten arazoak konpontzen eta zubiaren euste-sistema sendotzen ari dira langileak.  Zubiaren orain arteko euste-sistemak ez ditu gaur egungo arauak betetzen, eta beraz, homologatutako sistema gehituko diote. Horretarako egingo duten obra baliatuta, galtzadako taula bera eta bi espaloiak ere zabalduko dituzte. Egitura sendotzeko, corten altzairuzko egitura bat jarriko dute, sostengu propioduna, zubiari lehenaz gain pisurik ez gehitzeko. Egitura hori zubiaren bi muturretan finkatuko dute eta erdian euskarri bat jarriko diote. Erditik alde batera 40 bat metroko bao bat sortuko dute, eta beste aldera, hogei metrokoa. Modu horretan karga arinduko diote zubiari. Espaloiak, berriz, bi metroraino zabalduko dituzte (gaur egun, 1,5 ingurukoak dira). Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.125.258 euroan lizitatu zuen obra eta irailean esan zuten zortzi bat hilabete beharko zituztela lanak amaitzeko.