Nondik eta noiz iritsi zineten Mendarora?
Mariana: Boliviarra naiz sortzez, 42 urte dauzkat eta 25 urterekin iritsi nintzen Europara, Espainiara. Madrilen eta Bartzelonan bizi izan nintzen, harik eta 2009an Euskal Herrira etorri nintzen arte. Deban egon nintzen 11 bat urtez bizitzen eta 2018an iritsi nintzen hona, Mendarora. Hezkuntza Zientzietan lizentziatua naiz, Bolivian, baina ez dut lortu nire ikasketak hemen baliozkotzerik, eta hemen askotariko
lanetan jardun naiz: zaintza lanetan, garbiketa lanetan... Orain, ostalaritzan dihardut lanean. 12 urteko alaba daukat eta bera izan da pauso bat aurrera emateko arrazoi nagusia.
Neidy: Boliviarra naiz ni ere. Erizaintzako lizentziatura egiten ari nintzen ni han, hona etorri beharra egokitu zitzaidanean. Nire aita zen etortzekoa, baina nire sei neba-arrebak txikiak ziren artean eta errazagoa zen ni etortzea [nebaarrebetan nagusiena da], aita etorri eta gu denok han gelditzea baino. Gainera entzuna geneukan emakumezkoek errazago topatzen zutela hemen lana, eta hala, ikasketak laga eta neu etortzea erabaki genuen, lehengusina batekin. 2005ean iritsi nintzen eta lau egunera lanean ari nintzen Madrilen, 80 urtez gorako bikote bat zaintzen. Etxeko langile moduan hasi nintzen, 600 euro kobratzen, eta zortzi urte egin ditut hala, etxez etxe. Gustuko lana dut, baduelako ikasten ari nintzenarekin zerikusirik, azken batean hori ere zaintza delako, baina lan-baldintzak ez dira onak izaten. Marianaren senarra lehengusua dut eta hark esanda etorri nintzen Euskal Herrira, 2010ean. Zaintza lanetan, garbitasunean eta ostalaritzan jardun naiz beti lanean hemen.
Zerk eraman zaituzte beste batzuekin batera Diversas sortzera?
Mariana: Nik beharra sentitzen nuen bizi naizen herriko beste emakume batzuen historiak ezagutzeko, haien artean leku bat bilatzeko, eta kanpotik etorriak garenon errealitateak ikustarazteko. Sorterria atzean laga eta hona etorri garen emakume guztion atzean historia gogor bat dago. Pauso bat eman nahi izan dut alabak eta etorriko diren gainerako emakumeek errazago izan dezaten. Esan nahi diet gurea ez den herrialdean ere izan gaitezkeela nor eta badugula zer eman. Iruditzen zait ekarpen handia egin dezakegula, baina oraindik ez diogula abegikor hartu gaituen herri honi dugun erdirik ere eman, askotan ez garelako sentitzen behar bezala integratuta. Beste kultura batetik gatoz beste hizkuntza bat daukazuen herrira. Egia esan, niretzat euskara ez da sekula traba izan, baina... Ostalaritzan egiten dut lan eta barraren atzean ikusten nautenean euskaldunenek ere erdaraz egiten didate. Eta aitortuko dizut gauza bat. Nik ere pentsatu nuen kanpotik datozen askok sentitzen dutena: zertarako ikasiko dut euskara aldi baterako banago hemen eta bizi banaiteke euskararik jakin gabe? Badakigu zenbat eskertzen duzuen euskaraz aritzeko ahalegina egitea, baina beste herrialde batera iritsi berritan hizkuntza ikastea baino lehentasun handiagoak izaten dira, batez ere hura gabe bizi zaitezkeenean. Orain bestela pentsatzen dut, baina...
Harrera egiten zer nolakoak gara?
Neidy: Ez litzateke justua orokortzea, denetarik dagoelako hemen ere, baina egia da arrazializatuak izanda, jendeak beste begi batzuekin begiratu ohi gaituela sarri eta badagoela jende bat gure kontura dirua egiten saiatzen dena ere.
Mariana: Ez dizut ukatuko momentu askotan zokoratuta sentitu garela, baina badakigu eta ulertzen dugu zaila dela kanpotik datorren bat gure artean besterik gabe hartzea ere. Kuadrillak indar handia dauka hemen eta haietan sartzea ez da erraza izaten, loturaren bat bilatu ezean. Eta nire helburua ez da hemen kuadrilla batean lekua egiteko eskatzea, baina bai, hemen gaudela erakustea. Gure seme-alabak zuenekin batera ari dira ikasten eta guri ere gustatzen zaigu lagunen gurasoak ezagutzea, kezkak partekatzea. Ama ororen ezinegona da. Aitortuko dizut etorri nintzenean, lana topatu, tesia egin ahal izateko beste diru egin eta sorterrira itzultzea zela nire asmoa, baina nire alaba hemen jaioa da, hemen ditu lagunak eta pozik ikusten dut. Ez zen hasiera erraza izan, hala ere, eta pare bat urte zituenean tentatuta egon nintzen sorterrira ez bazen, Madrilera edo gaztelania hitz egiten duten beste leku batera joateko, errazago izango zuelakoan, baina lan egonkor bat geneukan eta gelditu ginen. Ordura arte, maletak desegin gabe bizi ginela esaten dut nik, beti jaioterrira itzultzeko ilusio horrekin. Askori gertatzen zaigu, baina erabakia hartu dugu gelditzekoa, eta bihar zer izango den inork ez dakien arren, nahi nuke nire ekarpena egin eta zuen kulturan integratzea.
Alabak errazago izango zuelakoan gaztelania hitz egiten zen nonbaitera itzultzeko gogoa izan zenuela aitortu duzu, baina orain, euskara lagungarri ere izan zaizula, hein batean.
Mariana: Bistan da euskara ikastea garrantzitsua dela bertakotzeko. Zorionez, nik aukera izan dut lanean erraztasun batzuk lortu eta euskara ikasten hasteko, eta izugarri pozik nago. Hitz egiteko zailtasun handiak ditut oraindik, baina dezente ulertzen dut eta egunen batean hitz egiteko gai izango naiz. Erronka hori jarri diot neure buruari. Alabari laguntzeko hasi nintzen euskara ikasten, baina orain hark ez du nire premiarik eta neuretzat ari naiz ahalegina egiten. Lagunarte bat eman dit euskarak.
Neidy: Deban bizi izan nintzela hasi nintzen ni euskara ikasten, baina utzi nuen. 300 euro baino gehiago zen matrikula, eta badakit lan prekariotan dabilen etorri berri batentzat ahalegin ekonomiko handia dela diru hori aurreratzea, baina nik nahi nuen eta momentuan banuen dirua. Gero, lanordutegiekin bateragarri ez zitzaidalako, utzi egin behar izan nuen. Nahi izan nuen on-line ikasten jarraitu, baina matrikula 600 eurokoa zen, ordenagailua behar nuen... eta ezin nuen. Orain, berriro, eman dut izena eta oso gustura nago. Gustura semeari lau hitz egiteko gai naizelako eta gustura ikusten dudalako jendeak asko estimatzen duela euskara ikasteko egiten dudan ahalegina.
"Sorterria atzean laga eta hona etorri garen emakume guztion atzean historia gogor bat dago" -Mariana Rea Còrdoba-
Tratu Onen Aldeko Taldearen aterkipean sortu duzue Diversas. Nola izan zenuten Tratu Onen Aldeko Taldearen berri eta zer eman dizue?
Mariana: Lagun baten bitartez, eta eman nahi nuke haren izena: Arantxa Cebrian. Izugarri eskertuta natzaio, berak sartu ninduelako Tratu Onen Aldeko Taldean eta zabaldu dizkidalako hainbat ate Mendaron. Tratu Onen Aldeko Taldean oso ondo hartu naute eta lagunarte seguru bat topatu dut, gure errealitatea bistaratzeko, beste emakume batzuk ezagutzeko; ahizpatasuna lantzeko, azken batean. Mendebaldeko Saharako egoeraz ohartarazteko udaletxean egin zuten bilera batera joan nintzen eta bilera hartan Mendarora etorritakoen jarraipen bat egiteko asmoa irten zen. [2023ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, 2.031 biztanle bizi dira Mendaron eta horien %13,7 atzerrian jaiotakoak dira. 176 estatuko beste probintzia batzuetan, eta 279 beste herrialde batzuetan].
Nola azalduko zenuke zer den Diversas?
Mariana: Emakumez osatutako talde bat da. Whatsapp taldean 33 lagun gara, baina bileretan gutxiagok parte hartzen dugu. Inplikazio ezberdina daukagu, askok lan kontuengatik ezin dutelako etorri, baina egiten dugunaren berri dute taldekide guztiek.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1319. zenbakian -PDF-