Vicentek eta Etxebestek 22 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko; Ezpeletak eta Basozabalek, 23 minutu eta 35 segundo, alegia, irabazleek baino 46 segundo gehiago. Eneko Otañok eta Julen Larrea III.ak 26 minutu eta 51 segundoan bukatu zituzten lanak. Bost lan gauzatu behar izan zituen bikote bakoitzak finalean: erlojuaren kontra bakoitzak 45 ontzako enbor bana ebaki zituen; txanda librean, zutik kanaerdiko bat; abiaduran, korte erdian 65 ontzako bana; zutik 45 ontzako bana; etzanda kanaerdiko bana; eta txanda librean, 60 ontzako, 65 ontzako eta oinbiko bina enbor.
Ezpeletak eta Basozabalek iaz lortutako garaipena errepikatu nahi zuten eta erritmo bizian hasi zituzten lanak. Erlojuaren kontrako lehen lanean estu hartu zituzten aurkariak, eta Vicentek eta Etxebestek baino 16 segundo gutxiago behar izan zituzten; eta bi segundo gehiago ondorengo lanean, kanaerdiko enborrak zutik ebakitzekoan. Hirugarren eta laugarren probetan, ordea, galdutako aldea berreskuratu eta aldea hartu zuten Vicente otsagabiarrak eta Etxebeste igeldoarrak, eta 26 segundoko aldearekin ailegatu ziren azken lanera, luzeenera. 15 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten irabazleek azken lanean, eta 15:22an bukatu zituzten lanok txapeldunordeek.
Herri kirol jaialdi berean jokatu zituzten Gazteen mailako Banakako Txapelketaren finala eta Urrezko Harri Jasotze Txapelketako gizonen eta emakumeen finalak ere. Jon Erdozia etxarriarra (Nafarroa) izan zen azkarrena 20 urtez azpiko aizkolarien arteko lehian.
Harriekin, Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra gailendu ziren Gizonen Binakako Harri jasotze Txapelketan, eta emakumeen arteko lehian Karmele Gisasola Zelai III.a izan zen irabazlea.
Herri kirol jaialdiko argazkiak uztarria.eus-en