Debabarreneko saneamendu proiektu horren baitan Mendaroko Azpilgoeta, Garagartza (tartean, Ospitalekoak), Plaza auzoa, industrialdeetako hondakin-urak eta Elgoibarko Altzola auzokoak Apraizko araztegira eramatea aurreikusten dute, eta horretarako, kolektore bat eta bost ponpaketa-estazio eraikitzea. Horietako bat Atzolan, eta beste laurak, berriz, Mendaron: Azpilgoetan, Kurutz gain industrialdean, Plaza auzoan, eta handiena, Garagartzan.
Mendaroko Udaletik “balio handiko proiektua” dela iritzi diote, batetik, saneamenduaren konexioa hobetuko duelako, eta bestetik, Debabarreneko eremu osoan ibaira ur-hondakinik ez isurtzea ahalbidetuko duelako (Gaur gaurkoz, Mendaroko eta Altzolako ur-hondakinak zuzenean ibaira isurtzen dira).
Hala ere, proiektua aztertu ostean, zuzendu beharreko kontu batzuk ikusi dizkio eta aldaketa proposamenak aurkeztu dizkio URA Agentziari, alegazioen bidez. Udaletik jakinarazi dute aurkeztutako alegazioen asmoa saneamenduaren konexioa hobetzea eta bizilagunei eta inguruneari ahalik eta kalte gutxien egitea dela. Hori dela eta, aurkeztutako alegaziorik garrantzitsuena Garagartzan eraiki asmo duten hondakin-uren ponpatze-estazioaren ingurukoa da. Haurreskola ondoko parkean egitea dute aurreikusita, Abarketeroneko etxearen ondoko aisialdi gunean. Mendaroko Udalaren arabera, proiektuak ez ditu behar bezala aztertzen ponpatze-estazioaren eta Mendaroko Haurreskolaren arteko hurbiltasunak eragin ditzakeen kalteak (bai eraikitze-aldian eta baita funtzionamendu garaian ere). Besteak beste, ingurumen-inpaktuari dagokionez, azpiegiturak zarata egin dezakeela azpimarratu dute eta proiektuak ez duela justifikatzen azpiegiturak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituenik. Iritzi berekoak dira uholdeetan kaltetutako bizilagunen batzordekoak ere, eta haiek ere aurkeztu dituzte beren alegazioak.
Mendaroko Udaletik dei egin diete interesa izan dezaketen herritarrei saneamendu-proiektua ezagutzera eta egoki irizten dizkioten alegazioak aurkeztera.