Irailaren 21erako iragarri dute Mendaron Gararock jaialdia, baina aurrez, bi kontzertu hauek lotu dituzte Gararock taldekoek.
- San Agustin kulturgunean izango da 22:00etan, eta sarrerak 5 euro balio ditu.
Modesto Newhouse Xabier Etxeberriaren proiektu pertsonala da. Talde proiektu askotan aritutakoa da Etxeberria, baina beti izan du bere kasa musikaren munduan murgiltzeko eta esperimentatzeko joera. Iaz, Ez dut amets handirik diskoa argitaratu zuen Ekintzak Bonberenearen eskutik eta honela aurkeztu zuen: "Niretzako egin dut, nirekiko zintzotasun ariketa bat da". Post-rock, folk espektral eta piano ukitu hunkigarriz jasotako doinuen artean herritarren ahots grabazioak tartekatzen ditu bere lanean, memoria, hizkuntza, gizartea, nortasuna, iragana eta etorkizuna bat egiten duten pasarte instrumentaletan.
Elle Belga taldea, bestalde, Fany Alvarezek eta Jose Luis Garciak osatzen dute. Garcia Xixongo musika eszenan ezagunak ziren Manta Ray eta Viva las Vegas taldeetako gitarra jole eta ahotsa izandakoa da. 2009an argitaratu zuten euren lehen lana, 1971, eta geroztik beste lau argitaratu dituzte: Refugio (2013), Euforia (2016), Simetria (2020) eta Lagunak albuma (2022), Bonberenearen eskutik argitaratutakoa. Intimitatetik sortzen dute eta ukitu anglosaxoia nabarmena da haien emarian. Lurrari eta herri kantei oso lotutako proiektua da haiena.