Euskal Herri burujabea eraikitzeko bidean, Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko garapen eta barne kohesioa sustatzea ditu helburu nagusi. Horretarako, hiru eremu administratiboetako udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzen ditu. Horren harira, Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak esan du: "Udalbiltzan sartzeak aukera zuzena emango digu gai estrategiko askotan beste udalerri batzuetan gauzatzen ari diren proiektu interesgarri asko geure egiteko".
Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian, 1.778 hautetsiren aurrean. Hortaz, Udalbitzak 25 urte beteko ditu aurten, eta, ibilbide horretan ikasi eta ikusitakoa errepasatzeaz gain, datozen urteetan burujabetzaren bidean egingo dituen pausoen berri ere eman zuten joan den urtarrilaren 20an Bergaran egin zuten erakundearen batzar orokorrean.