10:00etan elkarteko deia egina zuten gaurko Mendaroko Udalak eta Arno guraso elkarteak, eta 50 lagun baino gehiago elkartu dira. Iñaki Aizpurua biologoak eta Naturtzaindiko kideak eman die ekimenaren berri deialdira batu direnei. Irabazi asmorik gabeko erakundea da Naturtzaindia eta ingurumena babesteko ardurarekin elkartutako pertsona talde batek osatzen du, bioaniztasunaren kontserbazio eta kudeaketan, basozaintzan, ingurumen hezkuntzan eta ingurumen jardunaldien antolaketan eskarmentua duen talde batek. Lan boluntarioa egiten dute, ardura bera konpartitzen duten administrazio, erakunde eta gainerako eragileekin, eta hala ari dira Mendaroko Udalarekin ere.
Naturtzaindikoek jarri dituzte gaur lanerako erremintak ere, eta 200 haritz-landare ekarri dituzte Udalak eskatuta. Lehenengo azalpenak entzunda, Plaza auzorantz abiatu da taldea, Goikola baserriaren gaineko lur-sailean zituztelako arbola-landareak landatzekoak. Landaketa-gunera iritsi direnean, beste azalpen azkar bat eman die Aizpuruak. Esan du Gipuzkoa 200.000 bat hektareako lurra dela eta 700.000 bat biztanle bizi garela bertan, eta beraz, lur gutxi dugula bizi garen guztiontzat. Horregatik, daukagun lur apurra zaintzea dagokigula. Intxusai errekatik gorako partean landatu dituzte landareak, batetik bestera hiru bat metroko distantzia gordeta. Ahalegin betean ibili dira ume eta helduak, aitzurrak hartuta, zulo eginean. Enetz Ezenarro alkateak ere parte hartu du zuhaitz landaketan eta azaldu du datozen egunetan babesak jarriko dizkietela landare gazteei, orkatzek eta basoan bizi diren beste animaliek hondatu ez ditzaten.