Mendaro Euskal Kostaldeko Geoparkean sar dezatela eskatzeko mozioa onartu du Mendaroko Udalak

Barren 2024ko ots. 1a, 17:11

Mendaro Euskal Kostaldeko Geoparkean sartzeko eskatuko du formalki Mendaroko Udalak eta "aktiboki" lagunduko ditu Geoparkean sartzeko ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzeko beharrezkoak diren ekintzak. 

Hala onartu zuten joan zen astean, udalbatzaren osoko bilkuran. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta bere zinegotzien botoekin onartu zuten, EAJko zinegotziak abstenitu egin zirelako bozketan.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute gaur, baina Mendarok ere hor behar lukeela uste du Mendaroko Udalak, Mendarok aparteko aberastasun karstikoa eta aintzat hartzea eta babestea merezi duten formazio eta elementu geologikoen aniztasun handia duelako, bai eta lurpeko barrunbe ugari eta Debabarreneko biztanleriaren zati handi bat hornitzen duen akuiferoa ere [Eskualdeko lau herriri ematen die ura gaur Mendarok]. Mozioan jaso dute azpimarragarria dela, era berean, Mendaron azkeneko urteetan aurkitzen ari diren aberastasun arkeologikoa, besteak beste Aldatxarren, Aizkoltxon, Agarren, Aitzbeltzen, Etxeberrin, Kurpittegin, Mortzelain eta Pagandain, eta baita ikuspegi etnografiko eta historiko batetik begiratuta Mendarok daukan aberastasuna ere, hasi antzinako garaietako burnidoletatik eta gaur egungo bizimoduari lotutakoetara arte.
Mozioan jaso dute Mendaro Euskal Kostaldeko Geoparkean sartzeak herriari aukera asko zabalduko lizkiokeela, besteak beste herriko ondare geologiko, arkeologiko, etnografiko eta historikoa kontserbatzeko eta sustatzeko bidea emango lukeelako eta Debabarrenean turismo iraunkorra eta ingurumen-hezkuntza sustatzeko lagungarri izango litzatekeelako. Eta horrenbestez, izendapen horrek onura ekonomiko, kultural eta hezitzaileak ekarriko lizkiekela mendaroarrei.


  Aspaldiko eskaera 
Jatorri karstikoa duen aranean kokatuta dago Mendaro, Izarraitz mendilerroa eta Arno mendiaz inguratua, eta aberastasun natural hori beti azpimarratu izan dute Leizarpe-Morkaiko espeleologia taldekoek, esate baterako. Hala, urteetan ari dira Mendaro Geoparkean sartzea eskatzen. Euskal Kostaldeko Geoparkeko paisaiaren egiazko protagonista geologia da. "Lehen begiratuan, itsasertzetik barrurantz, bata bestearen atzetik dauden zelai eta basoak nabarmentzen dira. Baina beti gertatzen den bezala, benetako edertasuna barnealdean dago, eta leku honen interes benetakoa erraietan aurkituko dugu. Geologia da paisaia honetako egiazko protagonista, Lurraren historiako pasarte zirraragarrienak gordetzen baititu", dio Geoparkeak. Eta hor, Geoparkearen erraietan, kokatzen du Mendaro Morkaiko-Leizarpe taldeak, beren argitalpen guztietan jaso duten moduan.