150 urte beteko dira abenduaren 15ean Eusebio Mugertza bertso-jartzaile mendaroarra jaio zela, eta urteurrenaren harira urte guztirako kultur programa lotzen ari dira Mendaron In Leike kultur elkartea, herritar talde bat eta Udala, elkarlanean. Andoni Egaña bertsolari zarauztarrarekin ere harremanetan dira lantaldekoak, eta hain justu ere berak eman zuen Txirristakaren inguruko ekimenaren berri telebistaz, Biba zuek! saioan. Aurrez, urtarrilaren 7an, Ruper Ordorikak aurrerapen bat egin zuen, Mugalariek taldekoekin batera, Mendaron eman zuen kontzertuan. Gararock taldeak antolatu zuen kontzertua, Mendaroko Udalaren babesarekin. Antolatzaileek ez dute ezer aurreratu nahi izan programa osoa lotuta izan arte, baina gauza txukun bat egiteko lanean ari direla zehaztu dute.
Eusebio Mugertza Txirristaka Garagartzako Barberokoa izeneko etxean jaio zen, Mendaron. Hamaika neba-arrebetan gazteena zen eta munduan barrena ibili handiak egin zituen. Umetan bertsozaletu zela kontatzen du bere bertsoetan, elizan. 7 urterekin, monagillo lanetan hasi zen, Mendaroko San Agustin komentuan, eta hantxe zaletu zen. Pedro Migel Urruzuno idazlea zen orduan apaiz, eta Txirristakak berak bere bertsoetan dioenez, bertsotan egin ohi zuen sermoia Urruzunok. Haren akolitoa, hala ere, ez zen bat-batean arituko bertsotan. Bertsoak idatzi eta bertso paperak saltzetik atera zuen bizimodua, hein batean. Ez da gauza garbia noiz ekin zion bertsoak jartzeari, baina bere bertso zaharrenak 1920. urtekoak dira, Antonio Zabalak Mendaro Txirristaka bertsolaria liburuan jasotakoaren arabera. 1974. urtean eman zuen argitarara liburu hori Zabalak Auspoa bildumarako, eta Guruzpe kultur elkarteak eman zion horretarako bidea. Txirristaka jaio zeneko 100. urtemugan izan zen hori, duela 50 urte. Urte hartan, bertso-paper lehiaketa ere antolatu zuten Mendaron estreinakoz, eta Fernando Aire Xalbador (1920 - 1976) bertsolari handiak irabazi zuen.
Bertsorik gehienak Errenterian eman zituen argitara, Makatzaga inprimategian. Ezagunak egin dira hark sortutako bertso asko, baina beharbada, Quisiera ser alcalde Donostiyakua da bere bertso-sorta ezagunena. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zituen bertsoak, nahiz euskarazkoak diren iritsi zaizkigun gehienak, Antonio Zabalak haiei eman zielako lehentasuna. Edozelan ere, euskarazko bertsoetan ere sarri sartzen ztiuen bi hizkuntzak.