Matxismoaren eta faxismoaren aurrean kaleak hartu!

Erabiltzailearen aurpegia Naia Aizpurua 2025eko azaroaren 21a

Azaroaren 25a hurbiltzen ari da eta, egun horretan ere, kaleak hartu behar ditugu. Ez da egun sinboliko bat, ezta erritual hutsa ere: emakumeon aurkako indarkeria egiturazko arazo sozial eta politikoa dela gogoratzeko eguna da. Euskal Herrian azken asteotan gertatutako erasoek —Zarautzeko erailketa, Iruneko itotze saiakera, Iruñeko talde bortxaketa, Sarrigurengo bortxaketa edota Poliziaren inpunitatea— erakusten dute matxismoa ez dela salbuespena, baizik eta sistema baten ondorio zuzena. 

Gizartean, gainera, gero eta gehiago hedatzen ari dira matxismoa ukatzen eta indarkeria normalizatzen duten diskurtso faxistak. Ez da kasualitatea: faxismoaren gorakadak emakumeon aurkako jarrera eta gorrotoa elikatzen ditu, gure zapalkuntza gutxietsiz eta gure borroka politikoa kriminalizatzen saiatuz. Sare sozialen bidez zabaldu diren mezu matxista eta arrazistek gazteen artean eragin handia dute, eta horrek erantzuna eskatzen du.

Egoera horretan, antifaxismoaren kriminalizazioa gero eta ohikoagoa bihurtu da, eta askotan gure jardun politikoa mespretxatzeko erabiltzen dute: emakumeon parte-hartzea zalantzan jarriz edo erresistentzia iraultzailea “gizonena” balitz bezala irudikatuz. Baina argi dugu: emakume langileon askapen prozesua eta faxismoaren aurkako borroka lotuta doaz; bata gabe, bestea ez da posible. Matxismoari eta faxismoari aurre egitea ez da adierazpen hutsa, baizik eta antolakuntza kolektiboa eskatzen duen eguneroko borroka politikoa. Kaleetan eraikitzen dugu hori: eraso bakoitzari aurre eginez, emakume langileon arteko babesa eta sareak indartuz, eta zapalkuntza guztien aurkako kontzientzia iraultzailea hedatuz.

Itaiatik argi dugu: azaroaren 25ean kaleak hartuko ditugu, erasotzaileen inpunitatearen aurka, matxismoaren normalizazioaren aurka eta emakume langileon bizitza aske eta duinaren alde. Eraso bakoitzaren aurrean antola gaitezen. Indarkeria matxistaren aurrean kaleak har ditzagun!