Erasoak ez dira banakako kasuak. Burlatan gaztetxea eraisteko mehatxua dute; Durangon lau gazte epaitu dituzte Kaletik Gaztetxera dinamikan parte hartzeagatik; Bilbon, indarrez hustu zuten Etxarri II gaztetxea; Zornotzan eta Igorren, berriz, gaztetxea husteko arriskuan daude. Testuinguru orokor baten parte da hau: gaztetxeak ixteko eta isilarazteko ahalegina.
Gaztetxeak ez dira inoren txiringito; alderantziz: autogestioan oinarrituta, herriko edonorentzat sortzen diren espazio irekiak dira. Bertan kultura, borroka eta bizitza nahasten dira. Hitzaldi politikoak, tailerrak, musika, kirola, eztabaidak eta ospakizunak... eta batez ere, gazteon arteko saretzea eta elkarlana.
Egun bizi dugun testuinguruan —gerra mehatxuak, lan eta etxebizitza prekarietatea, ultraeskuinaren gorakada—, gaztetxeak funtsezko espazio politiko eta sozialak dira. Ez dira nostalgia hutsa, ezta “alternatiboen kontua” ere: herri bizitzaren parte dira, eta hala izaten jarraitu behar dute.
Horregatik, argi diogu: gaztetxea beharrezkoa da, eta defendatuko dugu, pintaden, salaketen eta mehatxuen gainetik. Gaztetxea denona da, eta Mendaron ere gonbita egiten diogu etorri nahi duen orori, gure ateak zabalik baitaude. Guk, bitartean, lanean jarraituko dugu gaztetxeen eta espazioen alde.