Martxoak 8a, Emakume Langileon Nazioarteko Eguna, askok aspalditik agendan gorriz markatuta duguna. Hala ere, denbora da data honek zuen izaera iraultzailea desitxuratu zela. Gezurra dirudi 1910ean Emakume Sozialisten Bigarren Internazionalean borrokarako proposatu zen hura, gaur egun, instituzioek eraikinak morez argiztatzera eta enpresa handietako jabeek genero kuotak aurpegia garbitzeko erabiltzera mugatu izana, berdintasunarekiko konpromisoa erakusteko. Nahiz eta gero agerian geratu den ez dutela aldaketa esanguratsurik eragiten.
Bitartean, indarkeria matxistak gure kaleetan eta etxeetan jarraitzen du, lan debaluatuenak emakumeok egiten jarraitzen ditugu, eskuin muturra zuzenean emakumeon aurka dauden neurriak aplikatu nahian dabil eta beste hainbeste adibide. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke. Beraz, bizi dugun testuinguru honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da martxoaren 8an kaleak hartzea eta borrokatzea.
Izan ere, posizionatzeko momentua iritsi da. Egun hau izan dadila zein aldetan gauden erabakitzeko: berdintasun egoera urrunegi joan dela uste duten erreakzionarioen aldean, aldaketa soilik instituzioen bitartez etorriko dela sinesten duten sozialdemokraten aldean, edo modu independente batean antolatuta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat nahi dutenen aldean.
Martxoak 8 honetan irten gaitezen kalera eta bete ditzagun aldarri iraultzailez. Esplotatzaileek, erasotzaileek, epaile eta poliziek jakin dezatela haien egunak amaitu direla. Jakin dezatela orain lehen lerroan gaudela eta ez garela makurtuko!