Hitz artean, agur

Erabiltzailearen aurpegia Leire Kerexeta Berasaluze 2025ko urr. 31a, 11:00

Orain dela hiru urte idatzi nuen lehenengo artikulua aldizkari honetan. Nire hitzak, lehen aldiz, umetatik irakurri izan dudan aldizkarian agertu ziren. Barren aldizkaria haurtzaroko bidelagun izan dudala esatera ausartuko nintzateke. Ostiral arratsaldeetan, eskola kiroleko entrenamendua izan eta lagunekin gozokiak jan ondoren, Barren jasotzen nuen buzoitik etxera heltzean.  

Denborak aurrera egin ahala, irakurle izatetik iritzi sailean idaztera pasatu naiz. Gogoan dut lehen artikulua nola bidali nuen, zalantza eta irribarre artean: Gustatuko ote da? Egokia izango ote da?

Hiru urte hauetan zehar hainbat gai jorratu ditut, batzuetan arinagoak, besteetan sakonagoak, baina beti saiatu naiz nire begietatik mundua ulertzeko modua ahalik eta era eramangarrienean kontatzen. Batzuetan kaleak beltz irudikatu ditut (horrela izendatu nuen nire lehen idatzia); beste baten zapi berdez ere margotu nuen aldizkariko lehen orrialdea, baina beti egon da atzean helburu bera: pentsaraztea, hausnartzea, eta, ahal bada, irakurlearen barruan zerbait mugitzea.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet, bihotzez, azken urteotan nire hitzak irakurri, komentatu edo partekatu izan dituzuen guztioi. Zuek gabe, artikulu hauek ez lukete zentzurik izango.

Baina bizitzak etengabe aldatzen dira, eta orain, orrialde hau ixteko unea iritsi da. Agur hau ez da azken hitza, eten bat baizik. Agian beste formatu batean, beste toki batean edo beste garai batean, berriro topatuko dugu elkar, hitzen bidez edo isiltasunean.

Eskerrik asko bihotzez bidelagun izan zareten guztioi. Plazer handia izan da tarte honetan aritzea eta zuekin ideiak, kezkak eta istorio txikiak partekatzea.  Ez dakit non edo noiz, baina ziur nago berriro topo egingo dugula, paperean edo pantailaren beste aldean.