Santa Ana Jaiak

Zapi berdea

Erabiltzailearen aurpegia Leire Kerexeta Berasaluze

Santanak iristear daude eta, horrekin batera, zapi berdea lepoan janzteko garaia eta kalean Bizi Poza txarangaren musikaz gozatzeko momentuak ere bai. Mendaro jai giroan murgilduko da, familia eta lagunartean pasatzeko txoko bilakatuz herria. 

Umetatik bizi izan ditudan jaiak dira hauek, baina aurten pertsona berezi bat faltako zaigu. Aitxitxak Santa Ana egunean alkandora txuria eta zapi berdea janzten ez dituen lehen urtea izango da. Bere presentzia hutsune bihurtuko da aurten, baina, hala ere, badakigu aitxitxak ez zuela inondik inora nahi izango gure irribarreak itzaltzerik. Mendarorekiko eta Santa Anarekiko zuen sinesmenarekin,  gustatuko litzaioke aurten guk jaiak berdin ospatzea, eta argi daukat, horrela egingo dugula.

Gainera, aspaldiko partez, Santa Anara igotzeko aukera izango dugu, Mendaroko leku berezienetako batera, dudarik gabe. Aitxitxak inoiz ez zuen hutsik egin Santa Anara igotzeko prozesioan; bere irribarre goxoenarekin joaten zen, zintzo. Elizan abestu, Lizaso eta Egañaren bertsoak entzun, txorixo pintxoa jan eta txakolin pare bat ere hartzen zituen, batzuekin eta beste batzuekin kontu kontari aritzen zen bitartean.

Horregatik diot santanak ospatzen ditugunean, Mendaro ez dela soilik festetako giroa edo kaleetan barrena entzuten den musika. Gure bizitzako une eta oroitzapenak dira, baita herriaren sustraiak omentzeko egunak ere. Jai hauetan, gure arbasoen eragina, herriaren indarra eta harrotasuna ospatzen ditugu, elkarrekin.

Azkenik, jaiak bakean, elkartasunean eta gogoz bizitzeko aldarrikapena ere egiten dut, jaiak guztionak baitira eta denok dugulako gure lekua herriko jaietan. Santanak denon festak dira, eta horretan ezinbestekoa da elkar ulertzea, elkarri laguntzea eta elkarrekin gozatzeko aukera izatea. Gora Mendaro eta Gora Santa Ana!