Txuria eta beltza. Grisik ez?

Krisi politiko, sozial edo ekonomiko, historiak erakutsi izan du gizartea muturreko diskurtsoetan babesten dela. Alegia, aipatutako egoeretan, segurtasuna eta ordena hitzematen dutenen edota aldaketa erradikala promesten duten indarren garaia izaten da. Hala ere, bi jarrera horiek itxuraz kontrajarriak diruditen arren emaitza nahiko antzekoa izan daiteke.

Muturreko jarrerek arazo konplexuak erantzun sinpleekin konpontzeko tentazioa eskaintzen dute. Horregatik, diskurtso horiek ziztu bizian hartzen dute indarra eta populartasuna, jendeak ziurgabetasunari aurre egin nahi dion uneetan. Alde batetik, iraganeko “ordena” sustatzen duten diskurtsoak daude, beldurra eta segurtasun falta erdigunean jartzen dutenak herritarrak eurengana hurbiltzeko. Bestalde, herriaren izenean hitz egiten dutenak daude, etsaiak era argian seinalatuz eta promes utopikoak eginez. Hots, bai aldarrikapen batzuek eta baita besteek ere planteamendu sinple eta errazegiak dituzte inguratzen gaituen errealitate konplexuaren aurrean.


Horrelako jarreren ondorioa bat eta bakarra da, gizartearen zatiketa. Desberdinen arteko elkarbizitza oztopatzen dute horrelako ekintzek, eta horrek ezinbestean gatazkak areagotzen ditu. Demokrazia ere dantzan jartzen dute diskurtso mota horiek, eta horren adibide garbiak dira Venezuelak eta Ameriketako Estatu Batuak egun bizi dituzten egoerak. Hots, aniztasuna, negoziazioa eta elkarrizketa badira sistema demokratikoaren zutabe, muturreko jarrerak honako ezaugarri hauek ahultzen dituzte.


Beti esan izan ohi digute bizitzan ez dela guztia txuria edo beltza, grisa ere hor dagoela, eta gainera hainbat tonutan. Beraz har dezagun esamolde hau eredu, eta topa gaitezen guztiok muturrek sortzen duten bidearen erdian.